liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK


AGURRA ETA SARRERA
Senideok, Jesu Kristo gure Jaunaren grazia, zuekin!

Bai, Jesu Kristoren graziak lagun diezagula beti. Berarengan dugu bakea, askatasuna, gure itxaropena. Haren Erreinua, haren Ebanjelioa, berritasun dugu, bizi berri.  Pobreentzako adorea dugu, tristeentzako argia, bidegalduentzako uste ona, beldurtuentzako adorea.
Igandero biltzen gara elkarrekin Jesu Kristorekiko gure lokarria estutzeko, beraren jarraitzaile izan nahi dugula aitortzeko, bera beti gure ondoan nahi dugula azaltzeko.

Isilune laburra eginez hasiko dugu Eukaristia. Sar gaitezen barrura eta aitor dezagun gure ahuldadea eta eska dezagun errukia.

– Jesus Jauna, zure herriaren poza eta kontsolamendua. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, zeure gurutzearen ezaugarriz markatu gaituzuna. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, Berri Ona zabaltzera bidaltzen gaituzuna. Erruki, Jauna.

PREFAZIOA
Jesusengan bakea eman zaigu, eta bake hori ospatzen dugu Eukaristian. Eskerrak eman diezazkiogun gure Aitari, Jesu Kristorenagan berekin adiskidetu gaituelako.

GURE AITA
Jesusek Jainko Aitaren maitasuna eman digu aditzera. Horregatik, uste onez esan dezagun.



B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1. Ilusioz beteriko zatia entzungo dugu lehenengo irakurgai honetan. Erbestetik itzuli eta herria erabat desegina aurkitu zutenei zuzendutako hitzak dira. Jainkoak bakea eta zoriona adierazten die. Bake hori bera da Jesusek ebanjeliokoan eskainiko diguna.
2. Galaziarrei zuzendutako hitzak entzun ditugu azken igandeotan. Gaur azken atalak irakurtzen dizkiogu Gutun horri. Jesusenganako fedez beteriko hitzak dira.
                                 


HERRI-OTOITZA
Otoitz egin diezaiogun guztion Aitari, gizadi osoari bere maitasuna eman diezaiola eskatuz.

•    Munduko herri guztientzako bakea eta elkartasuna eska ditzagun. Eska dezagun tertrorismoaren erasoak amaitzea. Turkiako aireportuan gertatutako sarraskian hildako eta zaurituentzako bakea eska dezagun.

•    Otoitz egin dezagun, gerraren edo gosearen menpe jaio eta hazten diren haurren alde.

•    Otoitz egin dezagun gure herriko politikari eta agintarien alde:
    egiazko justizia eta berdintasuna bila eta zerbitza ditzaten.

•    Otoitz egin dezagun gure herrian eta familietan sufritzen ari diren guztien alde, gure gaixoen alde; gerran ari diren herrien alde: Jesusen bakeak poztu ditzan.

•    Otoitz egin dezagun gure senideen alde, hemen elkartu garen guztion alde:
    Berri Ona eginkizun eta sari izan dezagun.

Entzun, Aita maitea, gure eskariak. Zu zara on guztien iturburu. Emazkiguzu zure ontasunaren dohainak. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.


               
HOMILIA
Jesus Jerusalemera bidean utzi genuen aurreko igandean. Harantz doa, Aitaren borondatea betetzera. Hara doa, Aitaren nahiaren gailurrean, gizadia salbatzera. Baina, Jerusalemerako bidea ez du Jesusek bakarrik egin nahi. Berari jarraitu nahi dioten ikasleek ere parte hartu behar dute Jesusen betebehar eta eginbehar horretan. Jesusen bide bera egin behar dute haren ikasle izan nahi dutenek. Izan ere, ikasleek zabaldu beharko baitute munduan zehar Jesusen askatasunaren emaitza. Jesusek egin duen askatasuna gizon-emakume guztientzat baita. Horra zergatik bidali dituen Jesusek bere ikasleak bere salbamenaren berri zabaltzera.

Hirurogeita hamabi bidali zituen, ez hamabiak bakarrik. Argi erakusten du detaile horrek, Ebanjelioa zabaltzea kristau-elkarte osoaren eginkizuna dela. Kristau elkarte osoaz baliatu nahi duela Jesusek askatasun-asmoa bideratzeko. Kristau orok ikus dezake horretatik, denok izan garela misio-lanera bidaliak. Erreinuaren testigantza ematea ez dela elizgizon deitzen ditugun horien lana soilik. Konpromiso horrek fededun guztiak lotzen ditu. Hirurogeita hamabi zenbaki horrek, seguru asko, zenbaki sinbolikoa izaki, kristau guztien adierazgarri nahi du izan. Elizak, bere fededunen bidez, herrien bidera atera behar du, gizon-emakume guztiak askatasunera biltzeko.

Garai zailak direla misio-lan hori burutzeko? Egia da. Horregatik, oso eskura datorkigu lehenengo irakurgaian entzun duguna. Hiria berreraikitzen ari ziren haientzat ere garai zailak ziren zinez. Eta, halere, Jainkoa gertuan sentitzen zuten, Jainkoa Ama sentitzen zuten. Handik eta hemendik, indar hau edo hura kontra altxa dakioke eliz elkarteari, baina Jainkoaren amatasun gozoak babesten eta indartzen du. Eta Jainkoaren presentzia horri bakea dario ibaika, ondasun betea, poza eta emankortasun neurrigabea. Eta horra, bake horixe da, poz horixe, ikasleek auzoz auzo daramaten mezua. «Bakea etxe honetan», horixe dute agurra. Ez da, beraz, harritzekoa, oraintxe bertan Salmoarekin kantatu duguna: «Kanta, lurbira, kantu berri bat Jainkoari». Edo, era berean, ez da harritzekoa, otoitzean Elizak «egiazko poza eta betiko zoriona» eskatzea.

Misio hori nola betetzen den galdetu al duzu? Ba, begira, ebanjelioan nahiko zehatz eman zaigu eta erantzuna:
•     Ikasleak, aurrena, bidaliak dira. Ez doaz beren gogoz eta kabuz. Ez da beren buruari ezarri dioten erabakia, lehen mailan behintzat. Horregatik, misioa otoitzean oinarritzen da. «Egin otoitz uzta-jabeari». Ez da guk geure indarrez irits dezakegun zerbait. Ekimena, lehenengo urratsa, beti Kristorena da. Ikasleak ez du sekula ahaztu behar «Norbaitek bidalia» dela.
•     Bigarrenik, otzan joan behar dute. «Arkumeak otso artera bezala». Ez indarkeriaz, ez handikeriaz, ez gehiegizko ustez. Berri Onaren indar gordea aski dute. Ez dute beste inolako indar gehigarririk behar.
•     Gainera, behartsu eta irabazi-nahirik gabe joan behar dute. Horrela bakarrik, gorritasunaren neurri latzez, emango diote sinesgarritasuna beren mezuari.
•     Daramaten mezua bakea da, Erreinua, Berri Ona. Ez dute beren buruaz hitz egin behar. Jesusi bidea prestatzen ari dira, Joan bataiatzaile berriak bezala. «Bera joateko zen herri eta auzo guztietara» dihoaz, atzetik datorrena adieraziz.
•     Erreinua gertuan dela erakusteko, Erreinu horren ezaugarri bezala gaitz oro gainditu behar dute. Erreinua, azken batean, gizakia oso-osorik sendatzen duen jainkozko indarra baita.
•    Eta, azkenik, ez dute gauza bat ahaztu behar. Jainkozko indarra berekin badute ere, ez zaizkie zailtasunak faltako. San Paulok izan zituen bezalaxe, Jesusen ikasle guztiek izango dituzte zailtasunak. «Jesusen ezaugarriak nire gorputzean daramatzat nik». Baita Jesusen misiolariak ere.

Honi guztiari, esan dugun honi alegia, bi ondorio behintzat atera nahi nizkioke. Ikusi dugunez, hitza baino askoz gehiago aipatu da testigantza Jesusek betetzeko eman digun misioa burutzean. Ez indarra, ez derrigorrezko ezarpena. Elizak, ikasleak, pobre, libre, biluzk, bakezale eta pozik agertuz, Jesusek ekarri digun askatasuna nolakoa den azaldu behar du. Eta hori, hitzak hitz, ezin daiteke testigantza gabeko hitzez azaldu. Inoiz ere ez, eta gaur gutxiago. Asko hitz egiteari beste indarra falta baldin bazaio, bizikizunarena, hitz guztiak haizeak eramango ditu. Sinesgarritasuna faltako zaio esaten dugunari.

Beraz, eta hauxe dut bigarren ondorio, fededun bakoitzak ikusi behar du non eta nola eman behar duen bere bizikizunaren testigantza. Jesusek bidalitako hirurogeita hamabi horietan gaude fededun bakoitza. Zuk, ama horrek, zeure eguneroko lan eskergabe horretan. Zuk, langile, zeure kasuan dagokizun lanean. Zuk, artzain edo baserritar, hortxe mendian edo soroetan, eguzki beroaren ziztada bizien azpian erretzen. Edo zuk, gaiso maitagarri horrek, hortxe ohe astun horretan. Zeren testigantza, galdetuko duzu?! Berri Onarena. Baina nola? Bakez, pozez, pobretasunez, neurriz, aurpegi zorioneko baten bidez. Nori? Denei. Guztiei. Unibertsalismo zabalez jantzitako bihotz handiz.

Orain Eukaristia ospatzen jarraitu behar dugu. «Zoazte Jaunaren bakean» esango zaigu. Eta gaur badakigu horrek zer esan nahi duen. Baina, aurrena, eraman behar ditugun bakea eta poza jaso behar ditugu askatasunaren misteriotik, aldareko mahaitik. Gure fedea aitortuz, hurbil gaitezen Erreinuko mahaira.

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.