liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Bere grazia eta bere begirada kutunez pozten gaituen Jauna, beti zuekin!
Igandero biltzen gara Hitzaren eta Eukaristiaren mahai-inguruan. Eta hementxe Jesu Kristoren maitasuna ospatzen dugu. Gure izaera ahula bere gain hartzera eraman duen maitasuna. Gurutzerainoko entrega egin den maitasuna. Maitasun debaldekoa. Bere bizia gurekin elkarbanatzera eraman duen maitasun handia.
Maitasun horren sakramentu eta eredu dugu Eukaristia hau. Berak indartuko gaitu gure bizitza ere maitasun elkarbanatua izan dadin.
Jaunaren maitasunaren oroigarria ospatzen hasterakoan, gure leialtasun-falta aitortu eta errukia eskatu behar dugu, ez baitugu beti Jaunaren maitasun hori bizi izan.
– Jesus Jauna, zure besoak guregatik gurutzean zabaldu zenituena. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, heriotzetik askatu eta graziaz betetzen gaituzuna. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, gure bekatuak garbitzen dizkiguzuna. Erruki, Jauna.
PREFAZIOA
Salbamen-hisorian beti parte hartzen du gure Jainkoak gure alde jokatuz. Jesus Jaunarengan eman digun maitasunezko salbamena gogoratu eta eskertzera goaz une honetan.
GURE AITA
Jesusek irakatsi zigun otoitzez, eska diezaiogun Aitari beti beraren borondatea egiteko grazia, maitasunezkoa den borondate salbatzailea.
HERRI-OTOITZA
Senideok: Jainkoaren maitasunak gure begirada zabaltzera garamatza. Gizon-emakume guztien beharretara irekirik bizi behar dugu. Maitasunez eta uste onez egin dezagun guztientzat otoitz.
- Elizaren alde:
bere hitzez eta egintzez, Jainkoaren maitasuna adieraz diezaien gizon-emakume guztiei.
- Bakea eta justizia ezartzeko lanean ari direnen alde:
Jesusengan eta beraren Ebanjelioan aurki dezaten ekintzarako oinarria eta indarra.
- Gaixo eta nahigabetuen alde, ez lanik ez aterperik ez daukatenen alde, inolako solidaritaterik jasotzen ez dutenen alde:
ez dezaten etsi eta esku laguntzaile bat izan dezaten.
- Gure herriko bakearen alde:
gorrotoak, injustiziak eta hitz txarrak amai daitezen, eta denon artean aurrera-bideak argi ditzagun
- Eukaristia ospatzera bildu garenon alde:
fedean, itxaropenean eta maitasunean aurrera egin dezagun, guztiak maitatuz.
Entzun, Aita ona, egin dizkizugun eskariak. Emaguzu zureganako eta lagun hurkoenganako maitasunean haztea. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Senideok: Mendiko hitzaldiak era honetako zartadak botatzen dizkigu aurpegira. Jesus ez dabil gauza arruntak esaten eta ez dabil nolabaiteko bide normalak eskaintzen. Jesusek gehiagorako deia darama beti berekin. Eta gure fede-bideak neurtzen hasten baldin bagara, neurria ezin daiteke izan sekula besteek egiten edo esaten dutena. Fedearen neurria ez da besteekin konparatzea. Ebanjelioa da gure neurria. Eta Ebanjelioak beti gure eskemak eta gure ahalmenak gainditu egiten ditu. «Gehiago» baten eskaintza eta eskakizuna da Jesusen Ebanjelioa. Normaltasun bakeoso eta konpromiso-gabekoa bizi nahi duenak, hobe du Ebanjelioa ez irakurtzea.
Joan zen igandean aipatu genuen Jesusen agintea. «Esan zitzaizuen, Nik esaten dizuet». Gaur ere hari beretik goaz. Gaur maitasunaren lege betea jartzen digu begi-aurrean. Maitasuna ez da gaitzik ez egitea. Maitasuna ez da harreman normalak bizitzea. Maitasuna ez da mendekurik ez erabiltzea bakarrik. Maitasuna gehiago da. Maitasunak badaki zer ez duen egin behar. Baina, begira: Jesusen erara maitatzen hasten zarenean, ez dakizu zenbat eta noraino maitatu behar duzun. Hor ez baitago mugarik. Eta maitasuna amaigabeko prozesu bihurtzen zaizu barnean. Nik uste dut askotan beldurtu ere egiten gaituela era honetako maitasunean bizi beharrak: batek ez daki lagun hurkoa maitatzeak noraino eraman dezakeen. Eta guri kontrolatzea gustatzen zaigu, kontrolatzen dugunarekin bakarrik sentitzen baikara lasai.
Baina, badakizu zergatik ez daukan maitasunak mugarik eta neurri arrazoizkorik? Jainkoak inolako muga eta neurririk gabe maitatu gaituelako. Eta gaur Jesusek Jainkoa bera jarri digu gure izaeraren iturri. «Izan zaitezte santu eta on-onak, zuen Jainkoa santua eta on-ona den bezala» horixe jarri digu Jesusek gure bizitzarako iturburu. Eta hor eskema eta kontrol guztiak hausten dira. Maitatzen hasten zarenean, ezin dezakezu esan, honaino iritsiko naiz, eta ez aurrerago. Maitatzen hasten zarenean, ezin esan dezakezu, hau emango dut eta bestea ez. Aurrez neurtu eta kontrola daitekeen portaera ez da maitasuna. Jesusek jarri dituen adibideak hortik ulertzen dira. Zuk jantzia eskatzen dizunari, aski zenuke jantzia ematea, ez da? Baina, maitasunarentzat ez dago mugarik. Edo pentsa zenezake, hau eta hura maitatuko ditut, baina etsaia ez. «Maita itzazue zuen etsaiak», esan digu Jesusek.
«Izan zaitezte on-onak, zuen zeruko Aita on-ona den bezala». Fedearen argitan maitatzen hasten denak, Jainkoari begiratu behar dio. Nola maitatu zaitu zu zure Jainkoak? Adiskidea zintuelako maitatu ote zintuen? Bere maitasunari inolako mugarik jarri ote dio? Zure esker txarrari mendekuz erantzun ote dio? Eskola horretan ikasten da maitatzen. Gogoan izango bagenu beti, Jainkoak zer egin digun, nola tratatu gaituen, eta erakutsi digun maitasun izugarria zergatik erakutsi digun! Orduan guk ere jakingo genuke, maitasunaren beso eta begirada zabalez jokatzen.
Zuk pentsa dezakezu, Jesusek eskatzen duen hau ez dela arrazoizkoa. Jesusek handikeri bide arriskutsuan jartzen gaituela. Izan ere, bakoitzak ezagutzen ditugu gure neurriak. Bakoitzak badaki zer egin dezakeen eta zer ez. Eta Ebanelioak eskatzen digun hau ez da normala. Neurriz kanpokoa da. Kontua badakizu zer den? Maitasunaren inguruan ez dugula ibili behar teoria handietan. Maitasunaren ibilbidean sartzea da kontua. Kalkulorik gabe. Eguneroko bizitzan maitasunari libre uztea, eta zeuk ikusiko duzu noraino eramaten zaituen maitasunak. Zeuk aurkituko duzu, harriturik, Jainkoak nola maitasun zoragarria sortzen dizun zure bihotz txiki eta pobrean. Maitasun handi honetarako bihotz pobrea behar baita. Kalkuloetan dabilen bihotzak ez du maitasunerako balio.
Maitasunari hegoak zabaltzen uzten badiozu, ikusiko duzu zer gertatuko zaizun! Alde batetik, Jainkoa aurkituko duzu; eta bestetik, lagun hurkoaren duintasuna aurkituko duzu. Jainkoarekin topo, eguneroko maitasun-jokaeran egin daiteke, ez beste inon. Eguneroko bizitzari maitasunaren ikutua ematen badiozu, Jainkoarekin topo egingo duzu. Jainko ederrarekin egingo duzu topo. Eta lagun hurkoarekin ere bai. Lagun hurkoaren duintasun berria aurkituko duzu. San Paulok esan digu: «Ez al dakizue Jainkoaren jauretxe eta Espirituaren bizitoki zaretela?». Eta lagunurkoari ikuspegi horretatik begiratzen badiogu, a zer nolako altxorrak aurkitzen ditugun egunero! Lagun hurkoa ere kontrolatua edukitzen dugu askotan. Kalkuloak eginak eduki ohi ditugu bakoitzari buruz. Eta tesoro asko galtzen dugu, maite ez dugulako. Maitasunak denak ikusten baititu maitagarri. Eta maitatzera ausartzen zarenean, ustekabeko pozgarri asko jasotzen duzu. Asko!
Maitasunak era honetako bizibideak ditu. Gure familian, gure herrian, gure lagunartean, gure lanean... era honetako maitasunez edertu behar ditugu harremanak. Barkatzen ikasi behar dugu. Elkar onartzen. Batak bestea errespetatzen. Eta, gainera, maitasunean beti aurrerago joateko prest egon behar dugu. Inoiz ez dugu aski dela esan behar, inoiz ez dugu norainokoa markatu behar. Maitasunaren nobedadea bizitzeko prest bizi behar dugu beti. Eta hau dena, Jainko Aitak horrelaxe maite gaituelako: mugarik gabe, kalkulorik gabe, neurririk gabe.
Eta Jainkoiaren maitasun horren gertaera, beste behin, aldare honetan. Jan eta edan maitasuna eta ikusiko duzu! Ederra da!
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Arreba eta anaia maiteok: Jauna zuekin!
Gure Jaunak igandero biltzen gaitu bere mahai ingurura. Harrera ona egiten digu, bizia ematen digu, bere maitasuna erakusten. Baina, bide batez, Jesusen inguruko bilera honek badu bere eskakizuna ere. Jesusen bideak zintzotasun gehiagora garamatza, entrega sakonagoa biziarazten digu. Jesusen deia, gaur ere, dei indartsu eta gihartsua da.
Isilean, eska diezaiogun Jainkoari barkamen oparoa.
– Jesus Jauna, bihozbera eta errukitsua zarena, erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, zeure bideak erakusten dizkiguzuna, Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, gehiagorako gonbita egiten diguzuna, erruki, Jauna.
PREFAZIOA
Aitari gure esker ona agertu nahi diogu Jesu Kristorekin bat eginik. Hark gure gizabidea egin nahi izan du, behartsuekin eta ahulekin elkartu da, eta orain bere bidea jarrai dezagun laguntza ematen digu. Eskertuko ez dugu ba horrenbeste maitasun!
GURE AITA
Aitak ematen digu eguneroko zorionaren ogia. Dagiogun dei gizon-emakume guztien Aitari!
HONA HEMEN
Hona hemen Jaungoikoaren Bildotsa! Hona gure ogi bizia! Hona Jesusen entrega-eredua. Hona jarraipidean indartzen gaituen pobreen ogia! Zoriontsuak mahai honetara gonbidatuak.
1 – Jesusek adieraziko digun Jainkoaren bidea, bide estua da, eskakizun handikoa. Gure ahalegin eta indar guztiak eskatzen ditu. Bide hori bizitzeko deia izango dugu gero entzungo dugun ebanjelioa. Orain, berriz, atarian, Itun Zaharreko jakintsu batek, Jesusen dei hori jasotzeko prestatzen gaitu.
2 – San Paulok, bigarren irakurgai honetan, Ebanjelio-bidea jarraitzearen handitasunaz egiten du gogoeta. Askok ez du handitasun hori estimatzen.
HERRI-OTOITZA
Sinesmen eta usterik onenaz dagiogun otoitz guztion Aitari, geure alde eta gizon-emakume guztien alde. Eska dezagun:
ENTZUN, JAUNA, ESKATZEN DIZUGU!
* Dagigun otoitz kristau guztion alde. Arreta handiz hartu eta bizi dezagula Jesu Kristoren segizioa. Jesusen Hitzak bete eta berritu ditzala gure bihotzak.
* Dagigun otoitz borrokaren zigorrak mintzen dituen herrien eta milioika gizon-emakumeen alde. Beren askatasun-bideak urra ditzaten eta elkartasunean bizitzeko aukera izan dezaten.
* Gizartearen bideak beren esku dauzkatenen alde. Herri behartsuei lagun diezaieten. Denontzako diren ondasunak zuzentasun eta berdintasunez bana ditzaten.
* Sufritzen ari diren guztien alde, gure gaixoen alde. Jaunaren maitasunak indartu ditzan.
* Eukaristia hau ospatzen dugunok, Jesusen jarraipidea lagun hurkoekiko maitasunean bizi dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
Entzun, Aita, gure eskabideak. Isur ezazu zure maitasuna pobreen eta munduak zokoratu dituenen gainera. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Senide maiteok: ahal duenak ahal du, eta ezin duenak ezin! Eta Jesusi eta bere irakaspenari ahalmena, agintea, dario. Bera ez da edozein. Bere hitza ere ez du nolanahikoa. Oraintxe entzun dugun ebanjelio zatia, noizbehinka entzun beharrekoa dugu. Izan ere, badirudi zenbaitentzat Jesusen hitzak ez duela zer esanik. Gaur gizartean gehienek egiten dutena bihurtu zaigu lege eta arau. Jesusen agindua indarrik gabe geratu balitz bezala. Eta, esanak esan, Jesusen hitz honek badu zerbait, ez dakit, zerbait berezia... Onenean, barneko aginte hori izango da!
"Entzuna duzue". "Nik, ordea, hau diozuet". Gaur esaten da! Jesusek, ordea, esaten du! Eta, noski, Jesusek ez dio inori bere askatasuna hedez lotuko. Jesusek gizon-emakume bakoitzaren askatasuna errespetatzen du, beste inork baino areago. Baina, sakonean, Jesusek esaten duena argi dago: askatasuna ez da hazten norberak nahi duena eginez, Jesusen bidea jarraituz baizik. Eta hori da, seguru asko, ulertzen eta, beraz, onartzen ez duguna. Nola izan daiteke bat libre, beti beste baten borondatea eginez? Norberari sortzen zaion gogoa da askatasunerako bide, diotsate.
Beraz, ondorio bat argi eta garbi ageri da: bi bizi estilo daude. Bata, bere gogoa egin nahi duenarena eta, bestea, kristau-estiloa. Eta kristau-estilo horren norabideak eta nolakotasunak, Mendiko Hitzaldian dauzkagu zehaztuak. Gizartean jite hau edo bestea gailendu daiteke. Gizarteak hau edo hura egin behar dela esan dezake. Bat edo beste modan jar dezake. Baina, kristauarentzat, Kristo da eredu. Eta Kristoren hitza da bere jitea moldeatzen dion portaera. Fededunak, beraz, Kristori eta beraren hitzari egingo dio kaso. Beraz, ahalik eta atsegin gehien lortzea, ahalik eta aginte gehiago eskuratzea, ahalik eta diru gehien irabaztea, ahalik eta gorago igotzea, ahalik eta izen ospetsuagoa izatea... ez dira baliozko lege kristau-estiloa bizi nahi duenarentzat.
Zergatik ez ditu, bada, horiek guztiak nahi? Hori ez delako zoriontsu izateko bidea. Lehenengo irakurgaian entzun duguna errepika dezakegu: "Zure aurrean dituzu sua eta ura; hartu nahi duzuna. Bere aurrean dauzka gizakiak bizia eta heriotza; zer duen aukeratzen, hura emango zaio". Eta ez dago besterik. Gizarteak, noski, badu bere mailako zoriona, ez gehiegi zoritxarrez! Baina, Jesusen bidea utzita, beste bizimodu hori onartzen duenak, ez du sekula gozatuko Jesusen bideak ematen duen zorion bete eta eragilea. Ezer argi ikusten bada, hauxe: Jesusek zorion hobea eta pertsona-egileagoa ematen duela. Jesusen bidetik zoriontsu garela!
Gizarteko bideen zoriona ere ez da motza, esaten du zenbaitek. Akats bat dauka askotan, azalekoa dela oso. Azalekoa da, zorion horren iturri bezala ere azalekoak hartzen direlako. Gizarteak eskatzen eta eskaintzen duen portaerak ez du pertsona bere barnera sartzen, ez du pertsona bere barrutik haziarazten. Eta, ondorioz, sortzen duen zoriona ere ez da barrukoa, ez da pertsona-egilea. Azalekoa da! Eta horrexegatik beti berritu egin behar izaten ditu zorion-iturriak. Agortu egiten baitira gaur edo bihar. Egia da, gizarteak ez daki zer nahi duen, ez daki eta nora doan. Horregatik sarri egon-ezinean, izan-ezinean, ase-ezinean, zorion-eskasian bizi da! Pena da! Hain eskura daukagu zoriona! Hain eskura daukagu Jesusen bidea! Nola iritsi daiteke pertsona hain gutxirekin, hain azalekoarekin, konformatzera! Nola?!
Jesusek bihotzera jotzen du! Aginduak azalean gera daitezke. Baina, Jesusen hizkeran, ez du kanpoko legekeriak balio. Gizon-emakumearen bihotzean jokatzen da zoriona! Jainkoaren Legea, barrura sartzen du Jesusek. Jainkoaren borondatea ez da gauza bat edo beste ondo egitea, baizik bihotza garbi gordetzea, bihotza Jainkoari emana edukitzea. Eta horixe da, kristau-moralaren oinarria. Farisearrak eta idazlariak baino hobeak izan behar dugu. Alegia, haiek legea kanpotik, azaletik, betetzearekin konformatzen ziren, azalaren itxura. Jesusek, ordea, bihotza eskatzen du, barnetasuna, egizaletasuna! Eta begira ezazu zer diferentzia dagoen: gizarteak kanpotik honela edo hala jokatzea eska dezake, baina bihotzekoan ez da gizartea sartzen! Ezin du! Jesusek, ordea, badu agintea gure barren barrukoenera sartzeko. Hori da agintea! Hori da zorionaren sustraiak sendatzea!
Adiskidea, fededun bazara, biderik onena hautatu duzu. Ez bazara, berriz, hortxe daukazu bide onenaren aukera. Eta erdipurdika bizi baldin bazara, fededun ustez, baina azal hutsean, ez zaitez horretan geldi, mesedez. Hori tristea da! Horrek ez dizu zoriona piztuko! Eta zoriona nahi baduzu, ez daukazu urruti! Ez da zaila! Entzun duzue! Nik, ordea, esaten dizut! Entzun eta onartu! San Paulok esan diguna: "Kristau bikainen artean darabilgun jakinduria ez da gizarte honetako jakinduria; baizik eta, Jainkoaren jakinduria ezkutua darabilgu". Eta bihotzeko pozik ederrenaz errepikatzen dugu San Paulorekin entzun nahi duenarentzat eta, batez ere, geuretzat: "Ez du, ez begik ikusi, ez belarriak entzun, ez bihotzak sumatu, Jaungoikoak prestaturik daukana, Bera maite dutenentzat. Eta Jaungoikoak guri agertu digu hori!".
Eta goazen Eukaristiara! Goazen agintea duenaren mahaira! Goazen zoriona jateko ematen zaigun mahai jakintsura! Goazen zorionaren iturburutik edatera! Jesusek bere Espiritua emango digu, berorren eraginez zorion-bide ederretik ibiliz, libre izan gaitezen. Bizilegerik ederrena eman zaigu!
Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.