Aurrekoan aurreratu genizuen bezala, Donostiako Maushaus arkitektura estudioak Xabier Egañari buruzko pintura-tailerra antolatu zuen, Arantzazuko Adiskideen laguntzarekin. Xabier Egaña da Arantzazuko Basilika berra posible egin zuten artisten artean bizirik gelditzen den bakarra. Kamarinaren mural koloretsuak berak eginak dira. Dakizuen bezala, tailerra umeei zuzenduta da, eta oraingoan bi tandetan egin zen: lehen azaroaren 19an eta bigarrena 26an. Guztira 45 umek hartu zuten parte.
Bi tanden dinamika beretsua izan zen. Hasteko, aurkezpen saiotxo bat Gandiaga Topagunean, gero paseoan Basilikara etabertan bisita gidatu azkar bat, kamarinean bukatzeko. Kamarinaren espazioan umeak luze eta zabal egon ziren muralei begira eta kolore festa hartaz gozatzen. Mushausekoek emandako akordeoi forma zuen koadernotxo zabalgarrian muraletako irudi eta formak marraztu eta koloreztatu zituzten. Eta guztion harridurarako, Xabier Egañaren bisita izan zuten. Lujo bat txikienei berak emandako azalpenak entzutea.
Buelta Gandiaga Topagunera, hamaiketakoa eta kamarinean ikusitakoarekin eta koadernotxoan marraztutakoarekin collage bat egin zuten emeek, eta bukatzeko gelako hormetako batean mural bat pintatu zuten denen artean. Saioaren amaieran umeek gurasoei egindakoa erakusteko eta azaltzeko aukera izan zuten.
Zorionak artista txiki berrioi, eta Maushausekoei umeengan halako sormena pizteagatik!