liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

Senideok, gure bihotzak berritzen dizkigun Jauna, zuekin!

 

Jaunaren bidera gatoz. Berarekin topo egin nahi dugu. Aste guztian hainbeste gorabehera bizi izan dugu geure bizitza, lan eta jardunean. Eta bizi izan dugun horrekin guztiarekin gatoz igandeko topaketara. Jar gaitezen prest, Jaunaren sorpresari bihotzak zabal ireki diezazkiogun. Utz diezaiogun gure asmoak eta bideak aldatzen. Sar gaitezen gero eta sakonago beraren asmo eta bideetan.

 

Ospaketari hasiera emateko, ager ditzagun geure buruak bekatari. Ez baitugu Jaunaren maitasuna onartu. Jo dezagun errukitara!

 

Jesus Jauna, gure bekatuak bihotz onez barkatzen dituzuna. Erruki, Jauna.

Jesus Jauna, behartsuen deiak entzuten dituzuna. Kristo, erruki.

Jesus Jauna, gure ezina zeure ahalmenez pozten duzuna. Erruki, Jauna.

 

 

 

PREFAZIOA 

Jainkoaren Hitzak garbi utzi du, gizon-emakume guztiak harrapatzen dituela Jaunaren bihotz zabalak. Eta dena debaldean, gure irabazirik gabe. Eskertu dezagun Jaunaren bihotz handia, Jesu Kristo bitarteko dugula.

 

 

GURE AITA

Jesu Kristok irakatsi zigun bezala, otoitz egin diezaiogun, guztiokin bihotz zabalez jokatzen duen Aitari.

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1 – Profetak bihotz-berritzea eskatzen du Jainkoaren izenean. Jainkoa beti hurbil eta bihotz handiko agertu zaio herriari. Salbamen, maitasun eta leialtasunezko Jainkoa da bera. Eta horrek biziera berritua eskatzen dio herriari. Guri ere bai.

 

2 – Paulok kartzelatik idazten du, gaur hasi eta igande batzuetan irakurriko dugun gutuna. Paulok bere barru-barruko sentimentuak agertzen dizkigu. Zerk ematen dio sentidua Pauloren bizitzari? Gogoeta ederra denontzat.

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Senideok, egigun otoitz geure premientzat eta gizaki guztienentzat. Eska ditzagun Jaunaren onberatasunaren dohainak guztiontzat, baina batez ere behartsu eta zokoratuentzat.

 

Eliza osoarentzat eta, batik bat, euskal Elizbarrutientzat: 

  denok batera aurrera egin dezagun Jesusekiko leialtasunean, Jesusen bideak geuretuz.

 

 Gure Parrokientzat: 

  pastoral urte berriaren aurrean, kristau-bizitza sakondu eta bideratzeko indarrak izan ditzagun.

 

Gure herriaren alde: 

 bake bideak aurki ditzagun eta, guztion ahaleginez, herri honen aurrebidea landu dezagun.

 

Gure haur eta gazteen alde: 

   buruz eskolatzen diren bezala, bihotzez ere hazi daitezen.

 

Eukaristia ospatzera bildu garenon alde: 

  Jainkoak gurekin ordainik eskatu gabe jokatzen duen bezala, guk ere doan ematen ikas dezagun.

 

Onar itzazu, Aita bihozbera, zuzendu dizkizugun eskariok; gure beharrak ezagutzen dituzunez gero, emaguzu zure Espirituaren indarra. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok, oraintxe entzun dugun ebanjelio zatia ez da erraz uletzen den horietakoa. Eskerrak, lehenengo irakurgaiak prestatu gaituen: «Nire asmoak ez dira zuen asmo; zuen bideak ez dira nire bide». Zinez, Jainkoaren asmoak asmo bereziak dira. Jainkoaren ilusioa ez da gure ilusioen berdina. Eta, hala ere, gaurko ebanjelioko jokaera ulertzea, ezinbestekoa da Ebanjelioa bera ulertzeko. Langileekiko nagusiaren jokabide horrekin gustura sentitu denak, ulertu du Ebanjelioa.

 

Izan ere, fededun adiskide, kontua ez da lan asko edo gutxi egitea. Kontua ez da asko edo gutxi kobratzea. Gaurko ebanjelioak ez digu adierazi nahi zerk balio duen eta zerk ez, Jainkoaren aurrean. Nagusiaren jokaera ez dihoa giza justiziaren bidetik. Zer esan nahi digu orduan gaurko ebanjelio-zati honek? Jainkoaren argazkia eman nahi digu beste ezeren gainetik. Jainkoa nolakoa den esan nahi digu. Jainkoak zer ilusio eta amets dauzkan adierazi nahi digu. Eta, azken batean, Jesusek juduen artera ekarri zuen ikuspegi-aldaketa izugarria erakusten digu. Jesusek Jainkoaren bihotza nolakoa den erakutsi baitzigun. 

 

Garai hartako juduentzat, eta erlijio-buruentzat batik bat, eskandalu gehiegizkoa gertatu zen. Haiek Berri Ona, jokabide bati ematen zaion sari bezala ulertzen zuten. Joanen Bataioa hartu, bihotzak garbitu, legea bete, merituak irabazi.... eta, orduan bai, emango zitzaizun Berri Ona. Juduen ikuspegitik begiratuz, Jesusek zuzen-zuzen joan behar zuen farisearrengana, legea zintzo asko betetzen zutenengana, herriko jende zuzenarengana... Haiek lehenengo orduan joan baitziren mahastira lanera. Eta edozein zuzenbide normalek agintzen zuen, haiei Ebanjelioa ematea, beren jokaeraz irabazitako merituen ordain. «Odolkiak ordain» beste behin. San Mateok zati hau idatzi zuenean ere, baziren berdintsu pentsatzen zutenak: alegia, betidanik judu izandakoekin ezin zitezkeela konparatu, azkeneko momentuan federa iritsitako jentil pagano haiek. Ez zegoen horretarako eskubiderik.

 

Baina, Jainkoak ez du horrela jokatzen. Eta hori da Ebanjelioak ematen duen oinarrizko sustoa. Jainkoaren neurriak oso dira bestelakoak. Jainkoak ez du meriturik eta aurreko irabazirik begiratzen. Jainkoak gizon-emakume guztiak bere erreinura biltzeko ilusioa dauka. Batzuk lehenago, besteak geroago, beste batzuk azken orduan... horrek ez dio inporta. Inporta diona zera da: Jainkoak denoi bere mahastira dei egiten digula, eta dei egin, bere bihotz onaren handiagatik egiten digula dei, ez beste ezergatik. Eta hark eskatzen diguna zera da, deitutako orduan jarri gaitezela erreinuko lanera, deiaren pozez eta esker onez. 

 

Baina, oinarrira etorriz, zer erakutsi nahi du Jainkoak? Jainkoak doakotasuna maite du, «debaldetasuna». Dena dohain eta erregali bezala eman nahi digu. Hark ez du nahi ordaintzerik, eskertzea baizik. Eta galdera bat egingo nizuke, entzule fededun: Esker onerako ona ote da ordaintzea? Ordaindu ezin duenak ez ote du gehiago eskertzen? Lana bukatzean langileei eman zitzaien txanpon hura jasota, nork eskertu zuen gehiago, lehenengo ordukoek ala azkenekoek? Ba, begira, nahi baduzu esan ez dela zuzena, baina Jainkoak azkeneko ordukoen esker ona sortu nahi du guztiongan. Esker onaren poza. Honako esaldi hau sortu nahi du Jainkoak gure bihotzetan: «Merezi baino gehiago eman zait». Merezi baino maitatuagoa sentitzen naiz. 

 

Horretatik pentsa dezakezu hemen daukagun meritu bakarra esker ona eta poza dela. Jainkoaren Erreinuaren alde lan egitea ere, ez dela gero zerbait ordain jasotzeko. Lan hori bera dela gure poz eta zorion. Jainkoak bere deiaz «liluratu» egin gaituela. Eta deia bera gertatzen dela gehiegizko ordain. Zer gehiago behar duzu? Zuri ematen zaizuna ikusita, ez al zaitu pozten besteei ere sari bera emateak? Zergatik emango zenieke besteei gutxiago? «Nik izan ere hainbeste ordu sartzen ditut eliz lanetan eta beste horiek berriz askoz gutxiago egiten dute». «Ni betidanik naiz kristau, eta beste horiek berriz ez». «Nik honela edo hala jokatzen dut, eta begira nola dabiltzan beste horiek».

 

Zergatik daukagu bihotz kaskarra? Zergatik ez digu ilusioa sortzen bihotzean, azken orduan bada ere denak Erreinuko mahai berean ikusteak? Zergatik ez dugu bizi Jainkoaren ilusio bera? Aizu, entzun: Ebanjelioko nagusiaren jokamoldeak pozten ez bazaitu, zer esan nahi du horrek? Jainkoaren aurrean eskubideren batzuk badauzkazula irabazita? Ai gizarajoa! Ez duzu poz asko bizi zeure bizitzan. Oraindik ez diozu Jainkoari ulertzen. Ez duzu Ebanjelioaren poza entenitzen. Eta hori ez ulertzekotan, zertarako dituzu zure meritu guztiak? Merituz benetako kapitalista izan zaitezke, baina poza kikara batean kabitzen zaizu.

 

Bai, eskerrak Jainkoa horrelakoa den! Eskerrak bekatarioi ere bere deia egin zigun! Eskerrak Jainkoak merezi gabe eta merezi baino gehiago maite gaituen! Gero ezer emango ez baligu ere, nahikoa eman digu dagoeneko! A! eta eskerrak igandea daukagun gauza hauek ikasteko. Izan ere, astegunean gizarteko justizi molde estuetan sartuta baikabiltza. Dena ordaintzea gustatzen zaigu. Eta ordainaren arabera neurtzen dugu dena. Igandean, elkarrengana etorri eta Jainkoaren bihotz handia ezagutzen dugu. Justizi molde berria ikasten dugu. Eta gero gizartean eman dezakegu kobratu gabe. Izan gaitezke bihotz oneko merezi ez duenarekin ere. Barka dezakegu. Bihotz zabalez joka dezakegu.

 

Eukaristia ospatzera goaz oraintxe bertan. Merezi gabeko mahaira bildu gaitu Jainkoak. Esker onez, harriturik, pozez ospa dezagun azken ordukoen bankete ederra.

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.