liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Ongietorri, senideok! Igande honetan, Jainkoak eman digun askatasuna eta bakea beude zuekin!

 

Gaur igandea dugu. Eguberriko festaburu haundien tartean, gaur igandea ospatzera etorri gara, era lasaian, isiltasun gogoan. Ez dugu festa berezirik ospatzen. Gizon egin den Jainko Semearekin dugun elkartasuna sakondu behar dugu ospaketa honetan. Berak gurekin bat egin duenez gero, egin dezagun bat guk ere Berarekin.

 

Hasteko, elkarturik gorets dezagun Aita, gores dezagun gu zalbatzeko gizon egin den Semea.

 

PREFAZIOA

San Paulok esan digu: «Bedeinkatua izan bedi Jainkoa, Jesu Kristorengan era guztietako bedeinkapenez bedeinkatu gaituena». Bedeinkapen-otoitz nagusia esaterakoan, denok bat eginik, gorets dezagun Jauna esker onez.

 

GURE AITA

Belengo misterioari darion xumetasunez, esan dezagun Jainkoaren seme-alaben otoitza.

 

HONA HEMEN

Hauxe da Jainkoaren Semea, guri bizia emateko haragi egin den Hitza. Zorionekoak Biziaren mahaira gonbidatuok!

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1 - Prest jarri gaitezen, Jainkoaren jakinduriari buruzko gogoeta entzuteko. Jakinduria hau gure artean dago eta ari da. Jainko gizon eginaren aurrerapena dugu.

 

2 - San Paulori hartzen diogun irakurgai honek Aitari abesten dio, Jesu Kristoren misterioan bere seme-alaba egin baikaitu.

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Jesus gurera etorri da, Jainkoaren errukiaren beroa eta hurbiltasuna erakustera. Otoitz egin dezagun, mundu osoan inor geldi ez dadin errukiaren berotasuna sentitu gabe.

 

*  Eliza, guztientzat sukalde irekia izan dadin; edonork aurki dezan berarengan, behar duen harrera eta laguntza.

 

*  Gu guztiok Jesu Kristoren testigantza sinesgarria eman dezagun, hitz onez eta egintza hobez.

 

*  Beren fedea eraso artean bizi duten herrialdeetako kristauen alde: Belengo misterioan aurki dezaten behar duten indarra eta adorea fedean sendo irauteko. 

 

*  Borondate oneko pertsona guztiok gogotik lan egin dezagun, Jainkoak nahi duen bezalako mundu zuzen eta duintasunezkoa eraikitzen.

 

*  Hasi berri dugun urte honetan denok hazi gaitezen Jainkoarekiko eta bata bestearekiko maitasunean, otoiotz-espirituan eta pobreekiko zerbitzuan.

 

Entzun, Aita errukior, zure herriaren erreguak. Eta emaguzu, zure seme-alaba eta elkarren senide bezala bizitzeko behar dugun indarra. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

HOMILIA

Senide maiteok: oraindik ere, liturgiari jarraituz ohartuko zinetenez, Eguberritako misterioa ospatzen ari gara. Eta gaurko igande honek misterio bera sakontzera garamatza. Misterioa badakizue zein den: Jainkoaren Semea gizon egin da gure salbamenerako. Giza-haragiz jantzi da, gu Jainkoaren seme bihur gaitezen.

Baina, begira gaurkoan, misterio bera adierazteko, zein bide ederra eta argigarria darabilan liturgiak: Jainkoaren HITZA gizon egin da. Jainkoaren JAKINDURIA mundura jaitsi da. Eguberritako misterioa, beraz, gaur Jainkoak munduari esaten dion HITZ JAKINTSUA litzateke. Israeldarrentzat, aspaldi hartan, Jainkoaren borondatea ezagutzea, benetan pozbide haundia zen. Legearen bidez eta profeten bidez eta, Jainkoa ezagutzen zuten. Eta Jainkoak berak haien artean bizi nahi izan zuen. Eta hori zuten harrotasun sano eta paregabea juduek! Eta, hala ere (guk ongi dakigu), haiei aditzera eman zitzaiena ez zen Jainkoaren ezagupide betea.

Gaur Jainkoak ez digu bere nolanahiko ezagupidea eman. Semea dugu Aitaren agerpide. Jainkoak bere buruaren adierazpena Semearengan egin digu. Horretatik diogu: Eguberritako misterioan gureganatzen dena, Aitaren HITZA dela. Jesus horrengan erakutsi bait digu Jainkoak bere izatea. San Joanen esan du: “Hasieran bazen Hitza. Hitza Jainkoarekin zen eta Jainko zen. Eta Hitza haragi egin zen. Alegia, entzule: Jainkoa bera eman zaigu ezagutzera Jesusengan, Jesus bait da Jainkoa esplikatu digun HITZA. Jesus da Jainko Aitaz dakiena, Aitaren JAKINDURIA. Eta jakite hori, JAKINDURIA hori, munduari eman zaio. Horra misterio pozgarria.

Pozgarria zergatik? Zergatik izango da ba? San Joanek esan duenarengatik: “Hitzarengan zegoen bizia. Eta Hura onartu zutenei, Jainkoaren seme-alaba izateko eskubidea eman zitzaien". Ikaragarria da, gero, hau! Jainkoa ezagutzen dugu. Beraren bihotza zulatua geratu da Jesusengan, bihotz horretan geure izate berria, Jainkoaren gurekiko asmoak ezagutu ditzagun. Jesus da, egiaz, Aitaren JAKINDURIA! Aita nor den eta nolakoa den adierazten digun HITZ betea!

Hitz honen, Jakinduria honen, aurrean, bi postura har daitezke: bata, alde batera baztertzearen postura. San Joanek hitz ospelez margotu du jarrera beldurgarri hori: “Argiak ilunbetan argi egiten du; baina ilunak Hura ez zuen onartu. Munduan zegoen; eta mundua Haren bidez egina da; baina munduak ez zuen ezagutu. Bereetara etorri zen eta bereek ez zuten onartu”. Hitz ikaragarri hauek gure munduko postura zenbait biltzen dute. Zer derizkiozu: gaurko munduarentzat garrantzi haundia duela Aita ezagutzeak? Gaurko gure munduak (gertukoak) jaramonik egiten ote dio Aitak bidali digun bere argiari? Ez ote ditu ilunbeak maiteago?

Gure munduak agian beste bide batzuk nahiago ditu. Zer gertatzen zaie, zer ematen zaie, argiari bihotza zabaltzen diotenei? Aitaren ezagupideak zer nolako bizibidea sortzen du fededunengan? Nik ez dut uste gaurko bigarren irakurgaia bezalako azterketa bikain eta dotorerik eman daitekeenik!

Jesusengan, Aitaren bihotz-barrura sartu gara. Eta han, bihotz hartan, Aitaren asmoak ezagutu ditugu. Bihotz horretan geure izatearen neurriak ematen zaizkigu. Aitaren bihotzean dago gure izatearen argia eta haunditasuna. San Paulok esan du: “Bedeinkatua izan bedi Jainkoa, Espirituaren era guztietako bedeinkapenez Kristogan bedeinkatu gaituena”. Kristorengan erabat bedeinkatuak, on-etsiak, on-iritziak izan gara. Eta bedeinkazio hori zertan zehazten den? Entzun: “Mundua sortu baino lehen aukeratu gintuen”. Ez gara halabehar edo Isualitate baten seme-alaba. Ez gara zoritxarraren seme-alaba. Ez, jauna! Jainkoak betidanik pentsatu gaitu. Zertarako egin gaitu ba? “Bere aurrean, maitasunez, santu eta errugabe izan gaitezen”. Santutasuna, Jainkoaren izatean parte izatea, da gure bokazioa. Ez gara geure egite narratsen seme-alaba, Jainkoaren dohainak santutzen gaituen errugabeko baizik. Eta hori guztia beste esaldi honetan biltzen da: “Aurrez aukeratu gintuen bere seme-orde izateko”. Jainkoaren ontasunak, Jainkoaren onberatasunak, era honetan edertu gaitu. Eta orain gure bokazioa benetan goikoa da: Aitari aintza emanez, edertasunaren goi-maila semetarra bizitzea.

Ederra, ez da? Guk, Eguberritako misterioa ezagutu dugunok, Aitaren bihotza zabalik ikusi dugu. Aitak bere HITZA esan digu Jesusengan. Eta Jesus den HITZ hori entzutean, JAKINTSU bihurtu gara. Jendea beste zera batzutan zertuta dabilela? Dabilela!

Jesusen ezagupen hori ez lortzea, gehiegi galtzea da gure ustez. Guk, merezi gabe ezagutu dugunok, ezaguera hori indartu eta berriztatu egin nahi dugu Eukaristian. Munduko eguneroko bizitzan hain errez makurtzen zaigu bihotza beste gauzetara! Eguberritako misterioak argitara garamatza. Eukaristia hau izan dadila guretzat goiko HITZA entzuteko bide. Eukaristia honek egin gaitzala JAkINTSU! Eta, horrela, gure herri-bizitzan ezaguera berri horren aztarrena eman ahal izango dugu.

Eukaristia honetan, bedeinka dezagun “era guztietako bedeinkapenez bedeinkatu gaituen Jesukristoren Aita”.

 
FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.