mendi-irteerak

Arantzazu, OrkatzategiMendi-irteera honek nabarmentzekoak diren honako mugarriak ditu:

1. Urtiagain (Araotzeko bidegurutze alboan). Oñatitik Arantzazura doan errepidearen erdibidean kokatuta dago. Baserri-jatetxe honetako aparkalekuan ezarri da irteera honetako elkargunea. Bertan osatutako taldea beharrezko diren kotxeetan banatuko da Arrikrutzeko aparkalekura joateko eta bertan ibilbide gidatuari emango zaio hasiera.

2. Haitzulo. Araotz auzoaren inguruan Orkatzategirako igoera erakusten duen saihesbidea hartuko dugu. Ordu bete eskasean kobazulo famatu honetara helduko gara. Arantzazuko sakanaren panoramika ikusgarria eskaintzen du leku honek.

3. Orkatzategi (874m). Beste ordu beteko igoeraren ondoren eta 250 metroko desnibela gaindituz, Zaraiako mendilerroko Orkatzategiko tontorrera helduko gara. Hemendik Urkuluko urtegiaren panoramika ederrenetakoaz gozatuko dugu Kurtzebarri, Gorbeia, Arangio, Anboto, Udalaitz eta Gorordo tontorrengatik inguratua. Orkatzategi gune megalitikoa da, halaber: lau tumulu eta trikuharri bat ditu.

4. Aitzgain. Tontorreko ekialdetik 20 minututan Aitzgaineko gunera iritsiko gara (726 m.). Bertan, Olateko zentral elektrikoa hornitzeko XX. mendearen hasieran eraikitako ur-presa dago kokatua.

5. Santa Krutzeko Ermita. Presatik ubidearen pistari jarraituko diogu. Altuera galdu gabe eta ordu bete eskasean 768 metrora kokatua dagoen ermita honetara helduko gara Ugastegiko muinoan, Aretxabaletaren eta Oñatiren mugan. Ibilbidean zehar Araotz auzoko panoramika ederrenetako batez gozatuko dugu.

6. Araotz. Ibilbidearen azken etapa da. 400 metroko desnibela jaitsiko dugu Oñatiko auzo mitiko honetara heldu arte. Aurretik Lope de Agirre esploratzailea jaio zen baserria ezagutuko dugu. Araotz Gipuzkoako bazterrik ezkutatuenetakoa da. Auzo txiki honetan, espeleologoek, paleontologoek eta eskalatzaileek jarri dituzte begiak. Historiak parada egiten du auzo honetan eta gerrillarien eta kontrabandisten babeslekua izan zela kontatzen digu.

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.