liturgi lagungarriak

Ayudas para la Liturgia

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Anai-arreba maiteok: Gaur Salbatzailea jaio zaigu, Mesias, gure Jauna. Beraren bakea, grazia eta maitasuna, bete-betean zuekin!

 

Belengo gau hartan aingeruek egin zuten bezala, guk ere pozik abesten dugu Jaunaren aintza. Jainkoaren aintza gaur sehaskan ikusten dugun haur hori da, Mariaren eta Joseren maitasunaz babestua. Jainkoaren aintza Jesus da, gurekin gizon eta gure haragian haragi. Jainkoaren aintza bakea da, bizia, gizadi osoarentzako esperantza. Jainkoak maitasun sakonez maite baikaitu.

(Aintza kantatua)

 

PREFAZIOA

Une nagusia une hauxe. Jaunaren neurrigabeko maitasuna gogora eta bihotzera ekartzera goaz. Bihotz betean eta aho betean, esker ona eskatzen zaigu. Erne esker onerako!

 

GURE AITA

Guztiok anaitu gaituen Egun Santu honetan, kanta dezagun anai-arrebon otoitz nagusia.

 

BAKEARENA

Jesus Jauna: Eguberri gau hartan, aingeruek zure jaiotza aldarrikatu zuten, Jainkoaren maite guztientzat  bakea hots eginez. Isur ezazu gure gainera zure bakea. Jaitsi dadila gure familietara, gure herrira, mundu osoaren gainera. Jaitsi dadila, batez ere, istilu eta tirabira gogorretan bizi diren guztien gainera. Zuri eskatzen dizugu, Bakearen Printze horri, errege bizi baitzara gizaldi eta gizaldietan.

 

HONA HEMEN

Hauxe da Jesu Kristo, Jainko gizon egina, Jainko behartsu egina, gu bezalakoa egin den Jainkoa. Zoriontsuak bere erreinuko mahaira gonbidatuok!

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOA

Utz dezagun orain Jainkoaren mezua gure bihotzetan sartzen. Fedez, pozez, esker onez entzun dezagun Eguberriko mezua. Jainkoaren maitasuna agertu zaigu gaur. Jaunak berak bisitatu du bere herria. Argia eta bizia dena, gure haragiko egin zaigu!

 

HERRI-OTOITZA

 

Senideok: gaur Jainkoaren aintza agertu zaigu, beraren maitasuna ezagutu dugu. Otoitz egin dezagun gizon-emakume guztiek maitasun hori ezagutu eta goza dezaten. Dagigun otoitz!

 

* Gure begiradak gaur mundu osoa jaso dezala. Egin dezagun otoitz lurreko herrialde guztietako gizon eta emakumeen alde.

 

* Egin dezagun otoitz era berezian, arrazoi batengatik edo besteagatik beren bizitza  saminak eta tristurak markatua daukatenen alde.

 

* Otoitz egin dezagun gerran ari diren herrien alde. Jesusek, Bakearen Printzeak, eman diezaiela indarra bakearen, errespetuaren, justiziaren eta barkazioaren bidean aurrera egiteko.

 

* Gaur mundu osoko kristau-elkarteak bildu gara Jainko gizon egina ospatzeko. Otoitz egin dezagun Eliza osoak eta kristau bakoitzak maitasunaren eta ontasunaren testigantza gardena eman dezan.

 

* Otoitz egin dezagun, azkenik, geure alde, geure familien alde, geure adiskide eta ezagunen alde…

 

Entzun, Aita ona, gure otoitza eta isuri gure eta mundu osoaren gainera zure maitasuna. Gu salbatzeko gizon egin den Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok! A zer notiziak pitzatu duen gaurko gaua! A zer notiziak aztoratu digun fededunon gaua! A zer notiziak edertu duen gizon-emakumeon gaua! Abendu guztian zehar etortzen zetorren. Mendietan zehar, ezina zeharkatuz, gaitza deseginez, bekatuak gaindituz... bazetorren... Eta iritsi da! Gaur gauean jakin dugu notizia! "Salbatzaile bat jaio zaizue gaur Dabiden herrian!". "Bai ederrak direla mendi-gainean, bakea hotsegiten duen mezulariaren oinak!". 

 

Eguberria sortu zaio munduari. Eguzki berriaren argiak poztu du gaur Elizaren eta munduaren zeru-muga. Eguberriko erantzunak baretu du Elizaren Abendu-oihua: "Zatoz, Jesus Jauna!". Eta etorri da! Kaleak poztu dira. Herriak argitu! Familiak bildu! Bakea!, esan diogu elkarri! Zorion opa diogu bihotzetik! Eta gaur argia, poza, bakea, zoriona... denak sortu dira! Gaur Eguberri eman baitigu gure Jainkoak! Promesak, elkarri opa dizkiogunak, giza-bihotzen ametsak bete-betean bete dira. Gaur Eguberri da! Gaur Jainkoaren eguna da!

 

Gaur Jainkoak bere maitasunaren hitz betea esan dio munduari! Bere bihotzean betidanik ehotutako hitz amodiozkoa jalki dio gizakiari. Gaur Jainkoaren bihotza lehertu da. Gaur Jainkoaren bihotzeko Hitza, mundukoentzat bizia gertatu da! Gaur Jainkoaren errai errukitsuetan gordetzen zen bizia, gizon-emakumeon argi bihurtu da!  Gaur esan du Jainkoak esatekoa! Gaur maitatu du Jainkoak maite zezakeen guztia! Gaur Jainkoa hustu da! Belenen jaio da! Elizan jaio da! Munduan jaio da! Gizakion bihotzean jaio da! Eta Jainkoaren betiko Hitz haundia, bihotzetan kabitzen den Hitz eder, gozo, txiki, entzungarri bihurtu da! Eta izadi osoan kabitzen ez denak, bihotzetan egin du kabi. Gaur Eguberri da eta!

 

Gaur Eguberri da! Mendiz mendi, etxez etxe, bihotzez bihotz... notizia hori zabaldu da! Jainkoa Eguberri bihurtu zaigu! Horregatik esan dugu Isaiarekin: "Ekin kantari, guztiok batera, Jerusalengo horma zahar eroriok; poztu baitu Jainkoak bere herria. Herri guztien aurrean erakutsi du Jainkoak bere beso santuaren indarra". Eta denok poztu egin gara. Poz santuz poztu gara. Zoramenezko poz apal eta barez poztu gara. Gure bihotz tristurara ohituak ahal zuten pozik haundienaz poztu dira! Gaur Eguberri da eta! Pozaren Egun Berria!

 

Baina... gaur Eguberri ote? Gaur... entzun ote da Jainkoa den Hitz amodiozkoa? Gaur... sumatu ote da argia? Gaur... egin ote da kantu? Gaur... entzun al da pozaren isiltasun apala? "Munduak ez zuen ezagutu. Bereetara etorri zen, eta bereek ez zuten onartu". Egia da, Eguberri zauritu egin dugu. Eguberriri hegoak moztu dizkiogu. Eguberri gauzaz, diruz, gastuz, lujoz, alferrikako gehiegikeriaz tristetu eta isildu dugu. Senideok, ez zaio munduari Eguberriren notizia iritsi! Pertsonen duintasuna laidotzen eta lotsatzen den gartzela zenbaitetan itzali egin da Eguberriren argia! Pertsonen eta herrien eskubideak zanpatzen diren bazter askotan, ez zaio pozari libre izaten utzi. Abortoz akabatu diren milaka haurtxoei ez zaizkie Eguberriko erregaliak iritsi. Eguberriko notizia puskatu egin digute! Jainkoa, gizon-emakumeoi poz zitzaigun notizia paregabea, Jainkoa bera, puskatutako panpina bezala, hitzik gabe utzi dugu munduan. Gure munduak, neureak, ez dio Jainkoari Eguberri izaten utzi! Gaur ez da Eguberri askorentzat!

 

Edo...onenean, entzule, gaurko Eguberri betiko Abendu baten eragile eta arnasa ote? Onenean! Bai, Abenduan jarraituko dugu! Gaurko Eguberri betiko eta guztientzako Egun Berria bihurtu arte, Abendu langile eta zerbitzarian jarraituko dugu. Jainkoaren Hitza guztientzako Hitz bihur dadin arte, Jainkoaren argiak mundua argi dezan arte, Jainkoaren poza, bihotz guztien pozbide dadin arte, Abenduan jarrituko dugu. Ez esan zaila denik, gaur poztuak izan gara eta. Ez esan ezin dugunik, gaur Hitz ahalguztiduna eman zaigu eta. Ez esan hori amets hutsa denik, gaur Eguberri gertatu zaigu eta! Erreinua egiten, behartsuak zerbitzen, pobreenak maitaten, ezinduak salbatzen, heriotzea ezabatzen, tiroak isiltzen, umeak zaintzen, eskubideak babesten... Abenduan jarraituko dugu. Gaur Eguberri da eta! 

 

Gaur Eguberri? Bai, gizona! Bai, emakumea! Gaur Eguberri da! Zatoz, bestela, Eukaristiaren mahain honetara, eta jar zaitez erne, adi-adi, kontuz, eta ikusiko duzu, Jainkoa gurekin dago! Jainkoak maitatzen gaitu! Jainkoak hitzegiten digu! Jainkoak pozten gaitu! Begira, zure bihotzera ogi ezerez eta txuri horretan, Eguberriko MAITEA dator! Eramazu, daramagun, ematen zaigun Eguberria, Eguberririk ez dutenengana, Jainkoaren Egun Berria munduarentzat sor dadin! Ez ezazu, ez dezagun, Eguberri puskatu!

 

 

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Mariaren Semea, gure argia eta bakea, bego zukein.

 

Gainean dugu Jaunaren etorrera. Gure artean izango dugu berehala. Gaur, Mariari begiratzen diogu, bere semearen etorrera gogotsu itxaroten. Ebanjelioan bere leheengusu Isabelen etxera bidean ikusiko dugu, hura ere haurdun. Bi ama hauen topaketa Jainkoaren errukiaren argazkia dugu.

Guk, Mariak eta Isabelek bezala, Mesias Jaunaren etorreraren itxaropena pozik bizi nahi dugu. 

 

Pranta gaitezen apaltasun handiz eta ireki dezagun barrua Jaunaren ewrrukitara.

 

Jesus Jauna, munduko argia, ilunpetan bizi diren gizon-emakumeak argitzen dituzuna. Erruki, Jauna.

Jesus Jauna, gizakien gidaria, zeure herria egi eta justizi bidetik zuzentzera zatozena. Kristo, erruki.

Jesus Jauna, biziaren iturria, gure ahultasunaren zauriak sendatzera zatozena. Erruki, Jauna.

 

PREFAZIOA

Jaunaren heriotza eta piztueran aurkitzen dugu beraren gizon-egitearen gailurra. Eta horixe ospatzen dugu igandero. Onar dezagun bihotz-zabal eta esker onez guregana datorrena.

 

HAU DA SINESMENAREN

Hau da gure fedearen sakramentua, Jauna etorri artean ospatzen duguna. Itxaropen sendoz gorets dezagun.

 

GURE AITA

Eska dezagun beste behin Jainkoaren erregetzaren etorrera, Jesusen hitzak berak esanez.

 

HONA HEMEN

Hona hemen Jainkoaren Mesias, herri guztiak salbatzera datorrena. Zorionekoak beraren erreinuko mahaira gonbidatuok.

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Abenduko igandeotan, profeten mezuak medio, Jaunari bidera nola irten ikasten jardun dugu. Gaur, Eguberri aurreko igande honetan, Belen herriari jaulkitako kanta baten mezu pozgarria entzungo dugu: han jaioko baita Mesias.

 

2) Gure artean jaiota, zer egin behar du Jesusek? Aitaren borondatea bete: entrega osoan, heriotzarainokoan bizi. Hori baita salbatzen gaituen maitasunezko entrega.

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Denok bat eginik dagiogun otoitz Jesus Jaunari, gizadiaren argi eta itxaropen denari. 

[Kanta dezagun: ZATOZ, JESUS JAUNA!

 

*   Kristau guztiok, Errukiaren Urte santu honetan, Jainkoaren maitasuna eskertzen jakin dezagun eta erruki horren testigu izan gaitezen. Egigun otoitz.

 

*   Herrialde guztietako gobernariek benetan bila ditzaten bakea eta elkartasuna lurreko herri guztien artean. Egigun otoitz.

 

*   Seme edo alaba baten esperoan dauden ama guztiek poz eta konfiantza handiz bizi dezaten une eder hori. Egigun otoitz.

 

*   Eska diezaiogun Jaunari etor dadila behartsuenen eta sufritzen dutenen ondora; zaindu ditzala Caritasen lanean ari direnak: berak, behartsu egin eta hainbeste sufritu zuenak, poztu ditzala horiek eta guregan solidaritatezko espiritua sor dezala. Egigun otoitz.

 

*   Gu guztiok asma dezagun datozen egun hauetan otoitz egiteko isiltasun-uneak bilatzen, misterioaren edertasuna gozatzeko. Egigun otoitz.

 

Jesu Kristo gure Jauna, entzun zure zain dauzkazunon deadarra; zatoz eta salba gaitzazu. Jainko eta errege bizi baitzara gizaldi eta gizaldietan.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok: oraintxe handik eta hemendik Eguberri-giroa  nagusitzen ari zaigu. Gure kale, denda, eskola, komunikabide eta abar Gabon-argiz dir-dir ageri zaizkigu. Abendua bere azken txanpara iritsi zaigu eta liturgia ere Eguberri-ezaugarriz jantzia ageri zaigu igande honetan: Belen aipatzen hasi gara eta, horren gainetik, Eguberriren gertutasuna adierazten duen pertsonaia jarri zaigu begien aurrean: Maria! 

 

Eta Eguberri gertuan dela esateaz gain, liturgiak Jainkoaren Eguberri nolakoa izango den aipatu digu. Eta alderdi horretatik ere zer begiraturik ba ote dugun nago. Jainko Semearen jaiotza ospatu behar badugu, Jainkoak nola jaio nahi izan duen begiratu beharko genuke. Hori ikusteko Mikeas profetaren irakur-zatitik bizpahiru puntutxo nabarmenduko dizkizut:

  • Aurrenekoa, zalantzarik gabe, jaiotzaren apaltasuna da. Hor daude Belen eta Maria horren testigu. Dena gizatasunaren eskema arruntetara biltzen da.
  • Halere, eta hau bigarren puntua duzu, apal eta ezerez ageri den hori, begira nor den: agintaria deitu dio, betieretik dena, Jaunaren indarrez larratzen duena, Jaunaren izen handiz datorrena, handi agertuko da, bera izango da gure bakea. 

 

Abenduko laugarren igandeko ebanjelioak kontatzen duen pasadizoa, benetan hunkigarria da: inolako adierazgarritasunik ez zuten bi emakume elkarri besarkatuta eta historiaren ardatza berengana biltzen. Nazareteko Maria presaka joan da Isabelen etxera, honi bere haurdunaldian laguntza eskaintzera. Senideen arteko portaera normal honen giroan gertatzen da dena, txikian gertatzen da handia.

 

Mariak Isabeli eta honek sabelean daraman Joani dakarkiena ez da laguntza bakarrik, Berri Ona da, Jainkoaren maitasunaren notizia. Eta Joanek, betetasunaren gertuan, jauzi egiten du bere amaren sabelean. Mundu osoaren jauzia da. Gero, Jesusen ageriko bizitzan eta jardueran, gaixoek joko duten jauzia, itxuek egingo duten pozezko saltoa. 

 

Eta Isabel Espirituaz bete da. Joani gertatu zaiona bera gertatu zaio Isabel zaharrari, Jainkoaren arnasak barrutik poztu duela. Eta emakume hau, Espirituaren argiz, konturatzen da Mariari eman dion besarkada horretan Jainkoaren dohainak gainezka egin duela. Hau ez dela, alegia, senitarteko topaketa arrunta, Jainkoa dabilela beste topaketa handiagoan. Giza historia arruntean Jainkoaren historia ari dela gertatzen.

Hortik sortzen zaio Isabeli bere harridura: «Nor naiz ni?». Zein eta zer da gizadia, Jainkoaren dohain betearen hartzaile bihurtzeko? Mundu osoak egin duen jauzi askatu horrek nondik du iturria, nondik du arrazoia, nondik du bisita, dena hain Jainkozko eta hain Espirituzko izan dadin? Zer ari da gertatzen?

Sinesmenari egiten zaion erregalua da, zalantzarik gabe: «Zorionekoa, sinetsi duzulako». 

 

Eszena hau argigarria da gure Elizarentzat. Mariak bezala, Elizak ere Eguberri banatu behar du gizartean. Senidetasunezko besarkada emanez, munduaren bihotzean berritasun-jauzi ikusgarria gertarazi behar dugu. Ez gaude epaitzeko, ez gaude munduaren neurri izateko, ez gaude agintzeko, ez gaude egia gurea dela esateko. Berri Onaren jauzia eragiteko gaude. Egun hauetan dirua, janariak, jostailuak, zorion-agurrak banatuko dizkiogu jendeari. Berri Ona banatzeaz ez genuke ahaztu behar. Ematen dugun arruntenean ere, eman dezagula Eguberri eta Eguberriko poz berritzaile eta askatzailea.

 

Horren ondoan, harridura behar du gure Eguberrik, Eguberri izatekotan. Dena giza mailara, dena maila arruntera, tolestatzen dugun neurrian, ez dugu pozik izango. Pozaren iturria harridura da, lilura, miresmena. Asko dugu harrigarria, asko miresgarria Eguberriz. Eta harridura horren kantua ez ezik, harridura horren maitasuna erakutsiko dugu geure inguruan.

 

Eta, azkenik, sinesmena! Errukiaren urte santuan gaude. Sinesmena berrituz soilik, izango dugu Eguberri eta, sinesmenaz bakarrik, gozatuko dugu Jaunaren errukia. Denok Eguberri banatzera!

 

Orain, Eukaristia ospatzera goaz. Mariarengan gertatu zena bera gertatuko da guregan oraintxe. Berri Ona etorriko zaigu gure barnera. Eta Berri On horrek lagun hurkoarengana eraman behar gaitu. Gure sinesmena aitor dezagun.

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Espiritu Santuaren egitez, pozez eta bakez betetzen gaituen esperantzaren Jainkoa, beti zuekin!

 

Ongi etorriak abenduko bigarren igandeko ospaketara!

Jauna etorriko da, Jauna egunero dator gure bizitzara. Sinesmen eta itxaropen honek eragiten digu maitasunaren aldera aldatzeko. Gaur entzungo ditugun irakurgaiek horixe azpimarkatzen dute, hain zuzen, bihotzberritzea eta beraren poza.

Ea, bada, ospaketa honek Jaunaren etorreraren poza sortzen duen gure bihotzetan.

 

«Israel herria lasai etorriko da, Jaungoikoaren aintzak gidaturik» esango digu Baruk profetak. Utz diezaiogun, bada, Jainkoari bihozberritzera eraman gaitzan. Gure bihozberritze beharra aitor dezagun apaltasunez.

(Isil unea)

 

- Jesus Jauna, munduaren argia, ilunpetan gaudenok argitzera zatozena: (Erruki, Jauna).

- Jesus Jauna, gizakion gidaria, egiaren eta justiziaren distiraz gidatzen gaituzuna: (Kristo, erruki).

- Jesus Jauna, biziaren iturria, gure ahuleria eta ezina sendatzen diguzuna: (Erruki, Jauna).

 

PREFAZIOA

Eskerrak eman diezazkiogun Jainkoari, atergabe gure artera datorrelako. Beraren Seme Jesu Kristoren Gorpuz-Odolek eraman gaitzatela Jainkoarekin aurrez-aurre topo egitera.

 

GURE AITA

Jaunaren otoitza esanez eska dezagun Jainkoaren erreinuaren etorrera.

 

JAUNARTZEA

Hauxe da Jainkoaren Mesias, herri guztiak salbatzera datorrena. Zoriontsuak Beraren Erreinuko mahaira gonbidatuok.

 

 

 

 

  1. B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1 – Babilonian erbesteratua bizi zen Israel herriak oso gertuan sentitu zuen Jainkoaren salbazioa, erbestetik atera eta bere herrira itzuli zenean. Profetaren poz-abesti hau guretzat ere askatasun-kantu gertatzen da, Jesu Kristorengan oso gertu sentitzen baitugu salbamena.

 

2 – Entzun dezagun orain arreta biziz, kristau bizieraz San Paulok esaten diguna.

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

 

Otoitz egin dezagun denok batera, Jaunaren etorrerak gure mundua berri dezala eskatuz. [Erantzun dezagun:

 

ZATOZ, JESUS JAUNA!]

 

Eliza osoaren alde eta, bereziki, Euskal Herrian bizi den Elizaren alde:  Jainkoaren onginahiaren eta maitasunaren testigantza eman dezan atergabe. Dagigun otoitz.

 

Gizadi osoaren alde:  munduko gizon-emakume guztien artean bakea eta justizia ugal daitezen. Dagigun otoitz.

 

Behartsuenen alde: beren bizitza pixka bat arindua senti dezaten, erantzunkizun sozial eta politikoa daukatenen ahaleginaz eta gizartea osatzen dugun guztion laguntzaz. Dagigun otoitz.

 

Esperantza galduta, etsipenean erori direnen alde: Jaunaren Etorrerak bizitzeko ilusioa eta gizartea zerbitzatzeko adorea eman diezazkien. Dagigun otoitz.

 

Gu guztion alde: Abenduak presta gaitzan, gainean dugun Eguberritako Jaunaren etorrera egokitasunez eta pozez ospatzeko.  Dagigun otoitz.

 

Entzun, Jauna, maite duzun herri honen otoitza, eta zatoz munduko gizon-emakumeak askatzera. Errege bizi baitzara gizaldi eta gizaldietan.

 

 

 

 

HOMILIA

Nola lotu poza eta Joan Bataiatzailea? Nola uztartu lehenengo irakurgiak eskatu digun «pozaren jantzia» eta Joanen konbertsio-bataioa? Horretan dago, bi alderdi horiek ongi uztartzean, Abenduaren sekretua. Eguberrik poza baitakar, baina berritze-bidetik datorren poz sakona. Bihotz-berritzearen giltzak pozaren gunera sartzeko atea irekitzen du.

 

Sumatu ahal duzu lehenengo irakurgaiko herri horren poza eta ilusioa? Erbestean erabili behar izan zituen dolu eta atsekabetako soinekoak eranzteko agintzen  zaio. Jauna salbatzaile datorkio eta Jainkoaren aintzaren ederra jantzi behar du. Bere ezinaren etzanaldia amaitzera doakio. «Jaiki zaitez, Jerusalem». Negarra bokazio eta tristura bizibide zutela erbestera joan zirenak berriro ere badatoz, askatasunaren kantari. Kateen pauso makalez joan zirenak, Jainkoaren aintzaren indar airosoak dakartza. Askatasuna izango du bere zori Israel herriak.

 

Eta hurbil sentitzen duen askatasunak eragiten dio Israeli pozik bizitzera. Eta aurrean daukan helmuga horrek, uste ez den bezalako balioa ematen dio bizitzaren detaile txikienari ere. Esan dezagun: fetxa handiek, egun handiek, markatzen dute gizakion bizitza. Lukasek, gaurko ebanjelioan eman dituen detaileen arabera, fetxa handi baten atarian gaudela adierazi digu. Ondo kokatu nahi izan du Joan Bataiatzailearen misio-hasiera.

 

Abendua, fetxa handienaren deia eta eskaintea da. Jauna badator. Askatasun eguna badator. Doluminak eta nekealdiak amaitzera doaz. Gure mundu honek bestelako mundu berriari irekiko dizkio ateak. Eta egun berriaren etorrerak balio berezia ematen dio oraingo detaile bakoitzari. Fetxa handiak egoki prestatu behar izaten dira. Zenbat lan eta esker gabeko jarduera egin behar izaten den, halako gertaera handi bat ondo ateratzea nahi baldin bada. Ikasle batek badaki azterketak ez zaizkiola ongi aterako, prestatzen ez baditu. Kirolari batek badaki ez dela garaipena lortzen azken-eguna etorri arte lotan egonez. Nekazariak badaki, hazia ereiten ez bada, ez dela azken onik izaten.

 

«Urra ezazue Jaunarentzat bidea... Berdindu malkarrak, zelaitu lur-maldak». Jauna badator eta Jaunaren Etorrerak eskakizun handiak ditu, handia izango baita Etorrera bera. Jaunak emango digun festa handiak, prestaera sakona behar du. Gure nagikeria, gure konformismoa, barne-bizitzari inportantziarik ez emate hori, zabarkeria... Abenduak zorrotz jo beharko du bere deia! 

 

San Paulok ere programa handia jarri digu, azken gertaerak eskatzen duenaren neurrikoa: hasi dugun eginbidea bukatu beharra daukagu, kristau-sentiberatasuna beti gehiago landu beharra, egiazko balioak sakondu beharra (hala nola, maitasun-elkartea, ezagutze sakona, sentiberatasun berritua...). Hori horrela burutu ezkero, zihur gaudeke, Jaunaren Etorrerak “garbi-garbi eta esankizunik gabe” harrapatuko gaituela. 

 

Ez al dugu behin baino gehiagotan pentsatu, hitz handiegia esan zaigula? Handiegia, baina ederra! Halaxe da: gure lanean, sukalde horretan, gaixotasun-ohean,  edo fabrikan, edo gazteak hezitzen, edo politikan, edo apaiz-lanean, edo... fetxa handiena ari gara prestatzen. Zuk eta nik zer bide dauzkagu berdindu beharrekoak? Zer daukagu festa handirako aldatu beharrekoa? Abenduak eta Eguberrik ezin gaitzake lehenean utzi. Aldatu beharra daukagu. Eta ez da aldaketa azaleko baten gora-behera. Fetxa handiei dagokien aldaketa sakonaz ari gara. Eta gure gizartea ere aldatu beharra daukagu: gorroto horiek, eduki-gose neurrigabe hori, bizi-antolaketa azaleko horiek, injustizia ikaragarri horiek, gure maitatu-ezinak, ezkontzetako leialtasun-falta, gure apaiz-lanaren barne-poz falta...

 

Begira diezaiokegu beste behin etzi ospatuko dugun Emakume sortzez garbiari, Mariari. Hark bai prestatu zizkiola bideak Jaunaren Etorrerari. Hura bai izan zela fetxa handirako prest agertu zen emakumea. Hark bai erakutsi zuela Abenduko bihotz prestatua! “Hona hemen ni Jaunaren mirabea. Gerta bekit Zuk diozun bezala”. 

 

Bai. Jaunaren etorrera gainean dugu. Etorrera hori, edo Eguberri izan daiteke, edo heriotze-eguna, edo gizadiaren bukaera, edo Jaunarekin egunero topo egiteko aukera..., baina Jaunaren etorrera gainean dugu. Askatasun eguna gainean dugu. Fetxa handia prestatzen segi dezagun inolako eragozpenik gabe.

 

Goazen Eukaristia ospatzera. Hemen ere Jauna badator. Eta askatasun betearen esperantza sortuko digu. Entzun dugun Hitzak eta Eukaristiaren ospaketak indar dezatela guregan Abenduko aurrera-pausoa.

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Gu salbatzera datorkigun Jauna, izan bedi zuekin!

 

Abenduan aurrera goaz, itxaropen ederrez eta Eguzki berriaren egarriz. Nahi eta ezinaren pauso nekatuz baldin bada ere, Jaunak beregana garamatza, Eguberriko topaketara. «Zer egin behar dugu?» horixe izango dugu gaur galdera. Abenduak konpromisozkoa izan nahi du. Ezin gaitzake lehenean utz. Eguberriren poza nahi duenak, «zer egin behar duen» galderatik abiatu behar du, konpromisoa onartuz.

Konpromiso horrek ez du iluna izan behar. Gaur alaitasunerako deia egiten zaigu. Edozein familiatan, haur bat jaiotzera dihoanean, pozezkoa izaten da giroa. Gurean ere haur salbatzailea jaiotzera doa. Eta horrek poza ematen digu. 

 

Eukaristian abiatzean, eska dezagun, Jaunaren aurrean umil eta apal prantatuta, Jainkoaren pozak urrun ditzala gure ilun-une eta bekatu guztiak.

 

- Jesus Jauna, munduko argia, ilunpetan bizi diren gizon-emakumeak argitzen dituzuna. Erruki, Jauna

- Jesus Jauna, gizakien gidaria, zeure herria egi eta justizi bidetik zuzentzera zatozena. Kristo, erruki

- Jesus Jauna, biziaren iturria, gure ahultasunaren zauriak sendatzera zatozena. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Poztu gaitezen biziro, poztu. Jauna hurbil, guztiz hurbil da. Eskerrak zor dizkiogu.

 

 

GURE AITA

Jesusek berak erakutsi zigun “etor bedi zure Erreinua” esaten. Eskatzen duguna gauzatzen ere saiatzeko gogoz, animoz, eska diezaiogun Aita Jainkoari denok batera.

 

 

JAUNARTZERAKOAN

Hona hemen Mesias Jauna, herri guztiak salbatzera datorrena. Zorionekoak Jaunaren Erreinuko mahaira gonbidatuok!

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOA

Gaur lehenengo irakurgaian Sofonias Profetari entzungo diogu. Israel herria berreraikitzen eta berritzen duen Jainkoaren egintzaz hitz egingo digu. Bigarren irakurgaian San Paulok kristau biziera zer den aipatuko digu, Jainkoaren salbamena gertuan daukala dakien jendearen biziera. Eta gero, Ebanjelioan, Joan Bataiatzailearen konbertsiorako deia entzungo dugu. Goazen patxadan Jainkoari entzutera.

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Abenduko deia sakonetik egin dezagun, gizaki guztientzako bizipoza eskatuz. Gure artean dagoen Jesus Jaunari bere bakea eta poza eska diezazkiogun, [gogotik esanez: ZATOZ, JESUS JAUNA!]

 

Otoitz egin dezagun munduan sakabanaturik bizi diren fededun guztien alde: Jaunaren hurbiltasunak kezkak kendu eta bakearen poza eman diezaien. Egigun otoitz.

 

Otoitz egin dezagun zapalduta bizi diren herrien eta pertsonen alde: duintasunean eta pozik bizitzeko behar dutena jaso dezaten, justiziaz eta solidaritzaz. Egigun otoitz.

 

Egin dezagun otoitz triste, etsita, kezkaturik bizi direnen alde; otoitz gure gaixoen alde; otoitz, Siriako herriaren alde: Jaunaren etorrerak aska ditzan eta esperantzara jaso. Egigun otoitz.

 

Eska diezaiogun Jaunari, poz-bila dirutan edo jan-edanetan edo festatan dabiltzanen alde:  egiazko pozaren iturria aurki dezaten eta maitasunezko Eguberri gozatu. Egigun otoitz.

 

Otoitz egin dezagun Eukaristia ospatzen ari garenon alde:  gure bizitza begiratu eta Jaunak egiten digun deiari bihotza zabal diezaiogun. Egigun otoitz.

 

Zatoz, bai, Jesus Jauna. Poztu gaitzazu zure etorreraz, eta aska gaitzazu kezka guztietatik. Jainko eta errege bizi baitzara gizaldi eta gizaldietan.

 

 

 

 

 

 

HOMILIA

Abenduak Eguberrira begira jarrita gauzka. Erosketak, prestakizunak, argiak, eskaparateak, musikak... Egia da, kanpoko soinu deigarri horien ondoan badira bestelakoak: krisia, etxegaltzeak, langabezia, manifak, soldata extrarik eza... Alde batetik, deika ari zaizkigu gasta dezagun eta, bestetik, zer gastatua kendu digute. Gure gizarte kontraesanez betea. Eta galduta gabiltza, oso galduta.

«Zaudete beti pozik Jaunarengan». Gure egoera den bezalakoa izanik ere, Abenduko 3. igande honek pozaren mezua eskaintzen du. Abendua pozezko prestakuntza da, dudarik gabe. Poza, esan dugu. Poza, Jauna badatorrelako. Jauna hurbil delako. Hori da gehien azaltzen den arrazoia. Gure Abenduari bere esperantzaren ustea kunplitzera doakio. Eta betetasunaren gertuko usainak poza sortzen du aurrez. 

Jaunaren hurbiltasun hori, era berezian dastatu zuen Israel herriak. Bere hondamena amaitzera doakio. Jaunak askatu egingo du herria. Eta egun hartan, poza nagusituko zaio Israelen bihotz zaurituari. Poz horrek ondorio gozoak ditu. Israeli beldurra kentzen dio. Edo hobeto esanda: poza sortzen dion Jaunaren presentziak beldurra kentzen dio. «Ez izan beldurrik, Sion». 

San Paulok poz horren hiru ondorio aipatu ditu: neurritsu edo bihoz oneko izatea, aurrena; kezkak kentzea, bigarren; eta, azkenik, bakea. Poza sortzen duen Jaunak bizitza baketu egiten digu. Eta bere barruan bakean dagoenak, gozotasuna bizi du, ez baitauka kezka larritan ezeren bila lehiatu beharrik. Eta pozaren bizigiroa den bakeak zaintzen du gure bizitza bakean. Bietara esan dezakegu, beraz: Pozak bakea dakar eta bakeak poza dakar.

Hala ere, ezin dugu ahaztuta utzi Joan Bataiatzaileari entzun dioguna. Poz hau ez da nolanahikoa. Joan Bataiatzailearen deiak, gure egoera honetan, era bizi eta ozenez jotzen du bere aldarria. Ez da erdipurdikako aldarria, ez da ñabardura handietan urtzen den deia. Garbia eta zorrotza da oso: «Bi soineko dituenak eman diezaiola bat jantzirik ez duenari, eta jatekoa duenak ere bana dezala». Eta tankera bereko eskariak egiten dizkio lanbide desberdinetako jendeari.

Baina, Joanen erantzun hau galdera batetik abiatzen da: «Zer egin behar dugu?». Eta galdera honetan jokatzen dugu gure Abendua. Zenbat aldiz bizi izan dugun galderarik gabeko Abendua! Azalkeria hutsean. Baina Joanen deiak ez dauka tolesturarik gure aitzakiak babesteko. Eguberrik baldintza sendoak ditu, bakoitzari bere egunerokotasunean ezartzen zaizkion baldin-tzak.

«Zer egin dezaket nik?». Begira dezadan nire ingurura. Behartsuen bila ez dago urrutira joan beharrik. Gure kaleak premiaz beterik dauzkagu, argi saltzaileekin borroka negargarrian. Eta nora doakit begirada, pobreengana ala eskaparate argitsuetara? Hortxe jokatzen dugu gure Eguberriren poza eta gure gizatasunaren edertasuna. Bestela, algarak eta kantuak eta erosketak eta jan-edanak eta izango ditugu, baina pozik ez!

Krisi luzea agintzen zaigu eta behar sakonak ikusten ditugu. Nik zer egin dezaket? Azken aldiko sua aurrera dezakegu eta sute handi bat antolatu gure alferrikako guztiak erretzeko. Zer daukat alferreko nire bizitzan? Erre dezadan Abenduko su garbitzailean. Nire gorrotoak, nire ikusi ezinak, nire iheskeriak, nire luxuak... erre ditzadan eta bihotza hurbil dezadan gure kaleetako zulo beltzetara.

Abendu honek injustiziaren salatzaile bihurtu behar gintuzke. Jendea zapaltzen ari diren indarrak salatu behar ditugu. Gizakiaren duintasuna oihukatu behar dugu alde guztietan. Pertsonak beste guztiek baino askoz gehiago balio du. Eta balio nagusi horren defentsan atera behar dugu eliztarrok eta Eliza osoak. Barruan arazo asko edukitzeak ez gintuzke kaletik aldendu behar. Joan  Bataiatzaileari ahots-gorailu bat eman behar diogu gure egintzez.

Baina, hori bai!, orokorkerietan erori gabe. Gauzak egin behar dira, esan behar dira, aldatu behar dira... Aditz horiei buelta eman behar diegu: gauzak egin behar ditut, esan behar ditut, aldatu behar ditut. Barrura begiratu aurrena, gero kalera begiratu, daorkigun Jaunari begiratu, eta bakoitzak geure eginbeharrak bete behar ditugu.

Goazen Eukaristiara! «Handi baitago Israelgo Santua zuen erdian». Altareko ogi txikian handi datorkigu Jauna. Askatzaile datorkigu. Gure hondamena sendatzera datorkigu. Poztu gaitezen, bakearen mahaian kezkak uxatuz.

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Arreba eta anaiok, igande honetan hasten dugu, gaur, Abendu santuaren ospakizuna. Jauna badator, eta guk berarengana jasotzen dugu geure bihotza, noiz etorriko zain. Datorrenaren eta etortzen ari denaren maitasuna, onginahia eta bakea zuekin!

 

Abendu santuaren hasieran, sartu gaitezen geure barrura. Berrialdia nahi dugu. Jauna dena berritzera dator. Bideak ere bestelakoak nahi ditugu. Jaunaren bidea aurrean jarriko zaigu. Geure itxaropena sustraitik berritua sentitu nahi dugu. Itxaropenaren leihoak irekitzen dizkigu gure Jaunak.

 

Sar gaitezen bada geure barrura eta ireki dezagun geure errealitatea, den bezalakoxea, eta jo dezagun Jaunaren erruki aberats eta berritzailera. Isilune labur eta sakonean, eska diezaiogun Jaunari etorri eta berri gaitzala.

 

-  Jesus Jauna, munduko argia, ilunpetan bizi diren gizon-emakumeak argitzen dituzuna.

-  Jesus Jauna, gizakien gidaria, zeure herria egi eta justizi bidetik zuzentzera zatozena.

-  Jesus Jauna, biziaren iturria, gure ahultasunaren zauriak sendatzera zatozena.

 

 

PREFAZIOA

Jauna badator eta oraintxe egingo dugu etorreraren oroigarria. Esker onez, esperantzaz eta jatortasun ederrean eskertu dezagun datorren Jauna.

 

GUREAITA

Jainkoaren seme eta alaba bezala, sentimendu berean bat eginda, eska dezagun Jaunaren Erreinuaren etorrera.

 

HONA HEMEN

Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, dena berritzen duena, gure ezinak espero duen Mesias askatzailea. Zorionekoak etorreraren mahaira gonbidatuok.

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Profetek Israel erori eta moteldu hari egiten zizkioten adierazpenak, esperantzazko mezu dira guretzat ere, haientzat bezalaxe. Guri ere Salbatzaile baten etorrera agintzen zaigu, Dabiden etxeto ondorengoaren etorrera.

 

2) Gure bidea, gure bizitza, Jaunaren azken etorrerarako prestaera da. Prestaera hori nolako sakontasunez eta arduraz bizi behar dugun esango zaigu irakurgai honetan.

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Gure fede eta itxaropen osoaz, eska dezagun Jaunaren etorreraren berrialdia munduarentzat eta Elizarentzat, eta geuretzat. [Eska dezagun etor dadila Jauna, kantatuz:

 

Zatoz, arren, Jauna.]

 

- Gerrak, diktadurak, arrazakeria, gosea eta pobrezia, indarkeria eta irainak, emakumeen kontrako tratu txarrak eta injustizi mota guztiak buka daitezen munduan eta gure herrian... Egigun otoitz.

 

- Fedearen argiak indartu dezan borondate oneko gizon-emakumeen sendotasuna, beren bizia besteen zerbitzuan jartzen jarraitzeko... Egigun otoitz.

 

- Elizak eta kristau bakoitzak, Erreinuaren esperantzaren testigantza eman dezagun geure biziera eta lan berrituaz... Egigun otoitz.

 

- Gogoan izan ditzagun gogorkeriaz hildakoak eta kaltetuak. Siriako jende errukarria izan dezagun bihotzean. Denentzat bakea ekar dezan Abendu santuak. Egigun otoitz.

 

- Jaunaren etorrera prestatzeak itxaropenez bete ditzan sufritzen dutenak, gaixoak, lotuak, eta gu guztiok... Egigun otoitz.

 

Zatoz, bai, Jesus Jauna. Urra ezazu zerua eta zatozkigu ondora. Berri ezazu gizon ororen barrua. Zu baitzara gure anaia, bidelaguna, Aitarekin eta gurekin bvizi zarena gizaldi eta gizaldietan.

 

 

 

HOMILIA

Senideok, «hurbiltzen ari da zuen askatasuna». Berriro ere Abenduan prantatu gara itxaropentsu. Jauna badator. Eta gutxi-asko, gure belarrietan nobedade gertatzen da dei hau, Jaunaren etorreraren deia. Zuk nobedadea espero al duzu? Zure bihotzak salto egin al du, Jauna badatorrela eta? Ezeren eta inolako berrialdirik espero al duzu, aizu? Ba... «hurbiltzen ari da zure askatasuna».

 

Gauzak zahartu egiten zaizkigu eskuartean. Jardunaren poderioz zahartzearen gusturik eza nagusitzen zaigu bizitzan. Liturgi urte eder askoa eman dugu elkarrekin. Zenbat aldiz elkartu garen Jainkoaren hitza entzuteko, Eukaristia ospatzeko, gogoeta egiteko, elkarri itxaropena esateko... Zenbat aldiz! Baina ez al daukazu halako inpresio sakona: bizitzaren nondik norakoak aspertuta bazeneuzka bezala, bizitzeak bere ahogustu gozoa galdu balizu bezala, zure jarduerak eta sufrimenduak eta maitasunak eta sentidurik ez balute bezala. Ez daukazu era horretako inpresioa? Baietz esaten duzu? Bizitza zahartu egin zaigu eta astinaldi berritzailea jo beharra daukagu!

 

Gure herrira begiratu eta... Ematen du sendabidea gertu bezain urruti daukagula. Zenbat kostatzen zaigun oinarrizko jarrera garbietan elkarri leku egitea! Zenbat kostatzen zaigun batak besteari onez begiratzea! Gure gizarte-bizitza bera ere zahartu egin zaigu, gaiztotu, mindu! Eta, jakina!, gure herri honek ere Abenduaren astinaldi berritzailea behar du! Bai horixe!

 

Eliza. Gure elkartea. Kristau elkarteaz ari naiz. Bakarka eta herri bezala ikusi dugun hori, aldaketa handirik gabe esan beharko genuke geure elkarteez. Gure batzarrek ba al dute bizirik? Gure eliz harremanak, benetan maitasunezkoak, adiskidetuak al dira? Gure gatzak ez ote du bere gazitasuna galdu. Ez ote gara bihurtu, mundua berritzeko inolako indarrik ez duen elkarte zozo eta motel? Gizartea berritu esan dut, baina gure elkarteek ere badute zer berritua eta zertan berritua! Eta, gainera, Elizak beste erakunde guztiek baino arrazoi gehiago du berritze honetan sinesteko!

 

Eta giro horren edo giro horien aurrean, Abendua. Nolabait esateko, koska bat estuago lotu beharko dugu geure ahalegina, Abenduaren ariketa askatzailean sartzeko. Israeldarrek urruti ikusten zuten beren askatasuna, baina Jaunaren hitzak erne jarri zituen. Gaur ere, hainbeste gauzaren kateetan, nekez sinets dezakegu egunsenti berri batean. Baina, Jaunaren hitzak bere deia egin digu. «Badatoz egunak». 

 

Gertatzera doanaren ezaugarriak ez ditugu izarretan eta aparretan bilatu behar; geure barrura eta geure ingurura begiratzea aski dugu. Gure lasaikeria, alde batetik, eta askoren estuasuna, bestetik; gure gehiegia, alde batetik, eta besteen miseria, bestetik; gure eskubide-eskakizun neurrigabea, alde batetik, eta besteei ukatzen dizkiegun eskubideak, bestetik; gure duintasuna neurtzeko molde zabalak, alde batetik, eta besteenak neurtzeko molde murritzak, bestetik; gure segurantzi beharra, alde batetik, eta beste askoren izua, bestetik; gure soberakinak non ezkutatu ez dakigula borrokan gu eta beharrezkoa non aurkitu ez dakitela asko eta asko... Gure zibilizazio zuzenkontrakoaren kontraesan odoltsuak. 

 

«Erne» esan digu Jesusek. «Ez dakigula geure burua moteldu eta toteldu gehiegikeriaz, jan-edanez, gehiegikeriaren kezkaz». Abenduak arindu egin nahi digu bizitza. Alferrikako lotura eta pisuak gainetik kendu nahi dizkigu. «Badator Jauna». Esnatzeko ordua da. Zer bizi dugun galdetzeko garaia da.  Geure bizi-kalitateaz galdetzeko ordua da. Geure harremanen egiaz azterketa egiteko unea dugu. Jaunaren etorrera epai gertatuko baitzaio gure gezurrari eta gure faltsokeriari.

 

Zer da, baina, erne jartzea? Nola jarri eta nola bizi erne? Bigarrenean San Paulok esan duen bezala: elkar-maitasuna eta guztiekiko maitasuna gainezka biziz. Maitasuna da Jaunaren aurrean bakea eman diezagukeen jarrera eta jarduera. Maitasunak garbi dezake gure bizitza Jaunaren etorreraren aurrean. Maitasun-ariketa da erne eta adi bizitzeko aukera bakarra. Izan ere, gure loak lagun hurkoa ez ikustera ekarri gaitu. Gure loak, injustizia normaltzat hartzera ekarri gaitu. Gure loak, normaltasun osoz besteek behar dutena geuretzat pilatzera ekarri gaitu. Eta gure munduan gosea eta miseria arintzen eta ezabatzen ez ditugun bitartean, Abenduak gure loaren arduragabean egingo digu ihes. Eta ezingo dugu ospatu ez Abendua eta ez Eguberri.

 

Apaltasuna eta egizaletasuna eskatzen zaizkigu Abenduan. Ezin dezakegu gehiago luzatu gezurretako egoera. Jaunaren etorrerari ezin diezaiokegu ihes egin. Askatasunaren pozetan burua altxatu nahi baldin badugu, geure hondamendiaren aitortzan burua apaldu beharra daukagu. Abenduak bere eskutik eramango gaitu Eguberriko edertasun betera. Abendu gabeko Eguberririk ez dago. Jarri gaitezen erne eta adi, Jaunaren etorrerari pobreen presentzian antzemateko. Jar gaitezen erne, Jaunareen etorrerari pobreen ateak irekitzeko. Eta etorriko da, etortzen ari da, etorri da.

 

Goazen Abenduko mahai santura. Jesus hementxe datorkigu etorrera apalean, betiko etorrera aintzatsurako erne jar gaitzan. Ireki dezagun apaltsunean gure bihotz aspertua eta berak piztuko gaitu bizitzara, berritasunera, egiara, eguzki berrira.

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.