Txangoak 5 ordu iraungo du, eta 500 metroko desnibela dauka, 10 kilometroko ibilbidea egiteko, “zailtasun ertaina”-tzat jotzen den ibilbidea delarik.
1. Misterioa. Kurtzipizio ermitan dago ibilbidearen hasiera, Gandiaga Topagunea eraikinaren gainean. Hasi aurretik Misterioko eraikina bisitatzea gomendatzen dizuegu, bidean aurkituko baituzue. Ondoren, Arantzazuko ibilbide egokitua hasten den lekutik hartu eta 200 metrora ibilbidea utziko dugu eskuin aldean dagoen xendarantz.
2. Duru. Kilometro bat gorantz eta, berehala, artzaintzaren lekukoa den Duruko saroia aurkituko dugu. 4.000 urtetik gorako historia eta kultura bertan gorde dira euskal artzainei esker.
3. Aloña. Igoerarekin jarraituko dugu mendiko pista utzi gabe. Izen herrikoia hartzen duen mendi-gailur hau ere Gorgomendi (1.248 m.) izenarekin ezagutzen da..
4. Belar. Aloñako gainetik bi kilometroko distantzian behera eginez gero, mendebaldera, gailur txiki honetara iritsiko gara. Mendiko abereak bertan bazkatzen dira inguruko zelai finetan eta goxoetan.
5. Arantzazuko ibilbide-egokitua. Bi kilometro baino gehiagoko jaitsierak gure bista gidatuko du basoak eta zelaiak bat egiten duten pasaia eder batera. Berehala, mugitzeko urritasunak dituzten lagunentzat egokitu den lehen ibilbidearekin egingo dugu topo eta honi jarraituta Arantzazuko abiapuntura itzuliko gara.