A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Mariaren Seme eta gure Salbatzaile den Jesu Kristo gue Jaunaren grazia, izan bedi zuekin.
Jaunak egintza ikusgarriak burutu ditu. Maria ospez edertu du eta gure bidea, gure bide apala, itxaropenaz gozatu digu. Gaurko festaburuari bakea dario guretzat. Eskerrak ematea dagokigu gaurkoan. Eskerrak, geure izenean eta gizadi osoarenean. Izan ere, Mariari begira bikain ikusten baitugu Jainkoaren maitasunaren indarra. Zer egin dezakegu guk maitasun hori gabe?
Maria, gu guztiok bezalaxe, Jesu Kristoren Pazko-misterioak salbatu du. Ai, guk ere Mariak bezala jasoko bagenu Pazko-dohain salbatzailea! Jo dezagun Jainkoaren errukitara.
- Jesus Jauna, Jainkoaren Semea eta Mariaren Semea. Erruki, Jauna.
- Jesus Jauna, bekatua eta heriotza garaitu dituzuna. Kristo, erruki.
- Jesus Jauna, Aitaren eskuinaldetik, Maria zeure ondora jaso duzuna. Erruki, Jauna.
PREFAZIOA
Otoitz nagusiari hasiera emango diogu oraintxe. Poza eta itxaropena ditu gainezka Eliza amaren bihotzak: hortxe kokatu behar dugu, eta gure Amari irribarrez eta gozoki begira, Aita Jainkoa eskertu.
GURE AITA
Mariak Jaunarengan sinetsi eta uste on izan zuen bezala, gu ere Aitari konfiantzaz eta uste onez dei egitera gonbidatuak gara. Horregatik, Jesu Kristok irakatsi bezala, kanta dezagun beldurrik gabe.
HONA HEMEN
Hauxe da Jainkoaren Bildotsa, Jesus, Mariaren Semea, gizadi osoarentzako argia eta bizi betea. Zorionekoak argizko mahain honetara gonbidatuok!
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1) Lehen irakurgaia, Apokalipsi liburutik prestatzen digu Eliza amak. Liburu horretan ohi denez, irudi eta sinbolo poetikoak ditugu tartean. Emakumea eta Semea agertzen zaizkigu, Maria, Eliza, kristandadea...
2) Ama Mariaren aintza ulertzeko eta jasotzeko, Kristoren Pazko misterioari begiratu behar diogu, eta hartaraxe jartzen gaitu san Paulok: handixe jasotzen baitugu denok bizi betea, betirakoa dena, aintzaz betea.
HERRI-OTOITZA
Poz eta alaitasunezko egun argitsu honetan, egin diezaiogun otoitz zeruko Aitari, erromes doan Elizaren alde eta mundu osoaren alde.
• Eliza erromesaren alde:
Jainkoaren dohainez beterik, Pazkoaren argazki eder izan dadin gizartean.
• Justizia eta bakearen aldeko lana ari dutenen alde:
pobreei Berri Ona eraman diezaieten, inoiz adorea galdu gabe.
• Gerra edo bakerik eza dela eta, sufritzen ari diren herri eta pertsonen alde; Gazako lurraldearen alde:
bizi betearen itxaropenak bakean bizitzera eraman ditzan.
• Sufritzen duten guztien alde; gaixoaldia edo bakardadea dela-eta saminez daudenen alde; Afrikan ebola gaitzak zauritzen dituenen alde:
Mariaren laguntzaz, bidean aurrera egin dezaten esperantzaz.
• Geure alde:
gaurko ospaketa hau eta gure bizitza osoa Jainkoarentzako esker onezko kantu bihur dezagun.
Entzun, Jaun ona, zure Elizaren eskariok. Lagun iezaiozu gizadiari bere aintzazko helmugara iristen. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Gaurko festaburuak gure kristau-bizitzaren alderdi asko argitzen digu. Irudi eta ikuspuntu oso adierazgarriak dauzkagu irakurgaietan. Ez litzateke ariketa batere alferrikakoa izango, irakurgaiak hartu eta poliki eta luze aztertu eta sakontzea. Esan dezagun, hasteko, Mariaren festabururik ederren eta handienean aurkitzen garela. Jesusen Pazkora garamatza zuzenean festaburu honek. Mariak Jesusen garaipenean parte hartzen du. Aintzaz, ospez. Eta berak ematen du gure giza izatearen neurri eta duintasun berria. Jesusek askatu du gizadia. Eta gizadiari hasi zaio iristen Pazkoko askatasun betea.
Maria, Elizaren irudi denez, askatzen ari den gizadiaren irudi eta eredu da. Mariarengan gertatu den edertasun honek guztiak, gizadian mamitu behar du pixkanaka. Gure artean txertatu behar du. Mariak basamortuan jarraitzen du, gizadi osoak askatasuna jaso dezan arte. Mariak beregan egin duen bide askatzailea, orain gizon-emakume bakoitzarengan, eliztar bakoitzarengan egin behar du. Maria Elizaren eta gizadiaren irudi denez, Eliza eta gizadia aintzatutakoan iritsiko da bere betetasunera. Jesusen Pazkoaren lehen fruitu honek fruitu oparo eta ugari bihurtu behar du oraindik. Eta esperantza horren presentzia dugu Maria. Mariak ez du onik izango bere seme-alaba guztiak Aitaren aintzara iritsi arte.
Beraz, gaurko festaburuak, bere hasierara eta bere helmugara darama Eliza. Bere hasierara, Jesusen Pazkora daramalako. Eta bere helmugara, bere etorkizun aintzatsua aurrean jartzen diolako. Badaki nondik datorren eta nora doan. Jesusen Pazkoan oinarriturik, bere Pazko betera doa bidelari. Garaipen prozesu batean hazten ari da Eliza. Hau ederki erakusten dute otoitzek eta prefazioak.
Bien bitartean, Jesusen Pazkotik bere Pazkora dihoan bitartean, Elizak zer izan behar duen eta zer egin, Mariarengan ikus dezake. Hasierako Pazkoa sabelean duela, mundura doa behartsuen zerbitzari. Mariak Palestina goitik behera zeharkatzen duen bezala, Isabelengana joateko, Elizak ere halatsu, mundua goitik behera zeharkatu behar du, Berri Ona eramateko beharrean aurkitzen direnengana. Mariak salbamena darama bere sabelean, garaipena. Eta salbamen horren eskaintzaz, poza eta alaitasuna sortzen ditu Isabelen etxean. Maria poz iturri dugu, alderdi honetatik. Elizak izan behar lukeen bezalaxe.
Mariaren jarrera fedea da. Fedetik dator, Mariari datorkion guztia. «Zorionekoa sinetsi duzulako». Mariak Jainkoaren egintzetan ikusten du sinesteko arrazoia. Magnificat abestiaren kontzientziak eraman du Maria era horretan sinestera. Jainkoaren egintzek egin diote dena. Magnificat abestiak ondo azaltzen du, nola ari den Jainkoa mundu berria egiten. Emakumeagandik jaiotako «errege» horrek egin digu mundu berria.
Koadro eder honetatik gure gizartera eta gure Elizara etorri beharko genuke, noski.
–Gure gizarteak ba al du esperantzarik? Ez al gara zaharrera ohitu? Etorkizunari, atzoari baino gehiago eskatzen ote diogu? Gaurko festaburua esperantzarako deia da. Gure herriak esperantza atera behar du Jesusen Pazkotik. Esperantza horren neurria, Maria bera da.
–Gure herriak nabari al du Isabelek eta Joanek nabari zuten poza? Beraz, Elizak eramaten ote du, gaurko Maria denez, Jesus mundura? Askatzailea haur egiten ote du gizartean? Munduarekiko Elizaren erantzukizun handi eta nagusia.
–Gure herriak ikusten ote du Magnificat-eko mundu berria gertatzen ari dela? Pobreak ebanjelizatuak ote dira? Gaurko Eliza, handikientzat amenazu eta pobreentzat ilusio ote da? Ala Elizak berak ere agintea eta boterea maite ote ditu?
Esperantza, poza, mundu berria, esan dugu. Beldur naiz gure herriak oso kolokan ote dauzkan hirurak. Bakegintzaren lana nekeza egiten ari zaigu. Ezin ditugu bake-bideak urratu. Intereskerien borroka itxian itsututa gaude. Eta, bien bitartean, gure herriak esperantza galdu du. Gure kaleetan eta gure familietan tristura azaltzen da. Ilusioak behera egin du.
Ez ote da gertatuko Berri Onaren mundu berria? Magnificat abestiaren argazki argizkoa ez ote da gure herrian argi bihurtuko? Ahaltsuen intereskeriak tristetu behar ote du jende xumea? Bake-gosez daudenen beharra beti mespretxatu behar ote dute beren intereskerien eta beren boterearen satisfakzioan bizi direnek? Gogorkeriaren azpian zapaldutakoek ez ote dute burua altxatzeko eskubiderik izan behar? Kartzeletako horma sufrimenduzkoek ez ote dute erori behar?
Gure herriak esperantza behar du. Poza behar du. Justiziazko eta giza eskubideen errespetuan eraikitako gizarte berri bat behar du.
Maria aintzatuari begira jarrita, beste galdera bat egin nahi nuke: emakumeak gizartean izan behar lukeen txoko bikaina errespetatzen ote dugu? Mariarengandik eder eta edertzaile ikusten da emakumearen eginbidea. Emakumearen egitekoa benetan osasungarria izan dakiguke denoi. Dena maskulinizatu dugun gizarte honetan, emakumearen ukitu sendatzailea beharko genuke, emakumearen ikuspegi maitale eta sabelduna. Mariaren eta emakumearen ukitu poz-emailea seguru asko ez letorkioke batere gaizki erabat produkziozale egin dugun gizarte zabar honi.
Mariaren Jasokundean Pazkoa ospatzen ari gara. Pazkoaren fruiturik ederrena ospatzen. Mariarengan ikusi dugun hau dena, eguneroko bizitzan gertatzen zaigu guri. Maria da gizakiaren argazki ederrena. Mariak, gizartean gertatu den Pazkoa erakusten baitigu. Ospa dezagun, Mariarekin batera, Jesusen Pazkoa!