Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Anai-arreba maiteok: Jauna badator eta guk beraren bidera atera nahi dugu. Datorkigun Jaunaren maitasuna, onginahia eta bakea, zuekin!
(Abenduko koroan kantela bat piztu), ondoren
Piztu dugun kandela hori geure bihotzean piztu dezagun Jaunaren errukitan.
- Jesus Jauna, gizon-emakumeon senidea, zure herria indartu eta gure bizitzan bide berria urratzera etorri zara. Erruki, Jauna.
- Jesus Jauna, itxaro dugun Mesias, behartsuei Berri Ona ematera etorri zara, bihotz zaurituak sendatzera, katiguei askatasuna aldarrikatzera. Kristo, erruki.
- Jesus Jauna, Jainkoaren Semea, gizakion itxaropen guztiak gainezka betetzera etorri zara. Erruki, Jauna.
Gure bekatuek haizeak bezala eramaten gintuzten, Jauna. Hala ere, Zu zara gure Aita. Gu, buztina; zu, gure heltzegile. Zatoz, Jauna, erruki zakizkigu, barka itzazu gure bekatuak eta eraman gaitzazu betiko bizitzara.
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1) Israel herriak berriro bere lurrera itzultzea ez du izan esperientzia dirdaitsua. Une zaila da. Baina, badu Jainkoaren egintza itxaropen hautsi-ezina.
2) Jwesu Kristoren etorreraren zain nahi du San Paulok Korintoko elkartea. Etorriko baita, eta etorrera hura izango da azken epailea.
HERRI-OTOITZA
Dagiogun otoitz salbatzera datorkigun Jaunari. Esan (kanta) dezagun: ZATOZ, JESUS JAUNA!
• Gerran ari diren herriak eta miserian bizi diren nazio eta pertsonak ditugu gogoan; ebola gaitzak zauritutakoak:
Abendu santuak jaso ditzala duintasunaren esperantza berritzailera.
Dei egin dezaiogun Jaunari.
• Esperantza galduta bizi diren gizon eta emakume guztien alde:
Abendu honetan jaiki daitezela esperantzaren edertasunera.
• Kristau bakoitzaren eta eliz elkarteen alde:
Abenduan esperantza berriturik, biziera berri baten alternatiba eskaini dezatela gizartean.
• Gaixorik, minez, erietxean, nola edo hala sufritzen ari diren guztien alde:
Abenduak eraman ditzala Jesusekin bat egitera eta izan dezatela bihotzeko bakea.
• Abendua ospatzen hasi garen guztion alde:
geure bizitza berriturik, poztu gaitezela Jaunaren etorreran.
Zatoz, Jesus Jauna. Zatoz, eta berri gaitzazu gu eta gizon-emakume guztiak. Jainko eta errege bizi baitzara gizaldi eta gizaldietan. Amen.
HOMILIA
Jaunaren etorreraz jarduteak ba al du gaur egun inolako sentidurik? Ez dago ukatzerik halako kontraesan batean bezala aurkitzen garela fededunok, paradoxa batetik zintzilik: alde batetik, ez dugu ezer berririk espero; gertatzekotan txarra izan daitekeen beldurrez bizi gara. Baina, bestetik, gaurko irakurgaiak entzunda, geure bihotzak halako zirrara berezi bat sentitzen du, aspaldian lo daukagun ilusioa esnatuko balitzaigu bezala.
Halatsu gertatu zitzaion Israel herriari erbestetik herriratu zenean. Itzulera pobrea izan zen, handitasun eta distira gutxikoa. Baina, lehen irakurgaian ikusi dugunez, itxaropenak sakonetik berritu zuen herri hura. Hor daude bere bekatua erakusten duten galderak: «Zergatik utzi diguzu zure bideetatik aldegiten?». Hor dago, bestetik, sakonean daraman ametsa: «Ai, zeruak urratu eta jaitsiko bazina!». Orbelaren pare ikusten du bere egoera galdua, lurra joarazi dion jarrera narratsa. Jaunari ez baitzioten dei egin, ez zitzaion Jaunari inor itsatsi. Baina, badu Israelek inork kenduko ez dion ziurtasuna: «Zu zara gure Aita; zure eskuetako lana gara guztiok». Bekatuaren eta esperantzaren arteko kontrajartze bihurria.
Kontrajartze horretan, Jainkoa bere herriaren bekatua esperantza bihurtzen ari da, buztinlari trebe bezala. Bekatuaren eta etsipenaren buztina hartu eta esperantzazko irudi ederra osatu nahi du. Eta hasieran etsipen-iturri zena, Jainkoaren eskuetan askatasun dirdaitsu bihurtzen da.
Ebanjelioak ere erne egoteko deia egin digu. Ezin gintezke, etsipenaren lotan, gaudenean gelditu. Esnatu beharra daukagu itxaropenaren deira. Egoerara egokitzeko tentazio iluna gainditu eta berriaren ilusiora piztu behar dugu. Erosoago sentitzen gara ezaguna eta seguruarekin, geuk kontrolatzen dugunarekin. Esperantzak, baina, berritasunaren ezustera jaso nahi gaitu, Jainkoaren eskuetan bizitzera.
San Paulok ere, bigarren irakurgaian, mundu aurkitu berri eta zoragarria ospatzen du. Mundu berria? Nola baina, Korintoko elkarte hartan arazoa besterik ez baitzen eta, azken batean, talde txiki bat besterik ez baitzen ingurune pagano hartan?
Fededunari eskatzen zaiona hor dago: ez dezagula azken hitza geuretzat hartu Elizari, munduari eta geure errealitateari buruz. Egia da, gure itxaropena egilea da, aktiboa da, eta ahaleginean saiatzen gara geure eguneroko lanetan, gure fedeak eskatzen digun «gehiago hori» eman nahirik. Egia gehiago, maitasun gehiago, bake gehiago, poz gehiago... Baina zer aurkitzen dugu? Gure mugak estuak direla, eta geure gogorkeriarekin eta inguruko mugekin topo egiten dugu, aldatzeko prest ez dagoen geure egoismo itsuarekin. Baina ezintasun horretatik Jaunaren egintzara zabaltzen dugu geure bihotza, «zeruak ireki eta mendiak urtzen direnean» Jaunak bere lana egingo baitu geure ezinaren gauean. Horregatik bizi gara esperantzan erne.
Baina, geure buruari egin beharreko galdera da, Abendu santuko bideari ekiterakoan: ezer aldatu ahal daiteke nire bizitzan? Badirudi urteen eta ezinaren pisua astuna eta temosoa dela: ez dugu geure burua asko aldatu! Baina, Jauna dabil tartean, eta hark badaki bere egintzaren bidez dena berri egiten. Eta horretarako da Abendu santua, Jaunaren zain jarri eta hari ateak irekitzeko, hark bere egintza burutu dezan guregan.
Baina, aldatu esaten dugunean, zer aldatu eta nola aldatu? Beharbada, aldaketaren eskema finkoegiak dauzkat neuregan. Eta Jainkoak ez du nire eskemen arabera jokatzen. Lehen esan dugu, ez dugula geuretzat hartu behar azkeneko hitza; Jainkoari utzi behar diogu azken hitza. Jainkoari bihotza ireki behar diogu nahi duena egin dezan, eta hark egingo diguna askatzailea izango dela uste izan behar dugu. Askatzailea eta ezustekoa, seguru asko.
Gure Elizan eta gure munduan dena zahartu zaigunean, ekonomiak geure ezintasunak azaleratzen dizkigunean, esperantzari bihotza irekitzeko kapaz izango ote gara! Arriskatu dezagun esperantza! Eskatu eta itxaro, horixe dugu eginkizun!
Eukaristia ospatzera goaz, Abenduko lehen igande honetan. Jauna bere esku askatzailez datorkigu. Gure ezinaren buztina hartu eta bere irudiko egingo gaitu. Itxaropena piztu eta erne jarri gakizkion Jaunaren eskulanari.