liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Ongi etorri Garizumako hirugarren igandeko ospaketa honetara. Bere heriotza eta piztueraz bizia eman digun Jauna zuekin!

 

Garizuman aurrera goaz, Pazkora bidean. Bihotz-berritzearen martxa ederra, martxa edertzailea. Jaunak bere maitasun-esparruan bizitzen ikusi nahi gaitu. Jesu Kristorengan berekin bat eginda, elkartasunean. Horixe da Eukaristia honetan egitera goazena.

 

Hasteko, jarri gaitezen isilik Jaunaren aurrean. Isilik barrutik eta kanpotik. Jesu Kristo den santutegira sartzera goaz. Ireki dezagun gure bihotza zabal, Jaunaren errukiak erabat garbi gaitzan.

 

(Penitentzi-kantua edo Aitortzen diot)

 

 

Prefazioa

Bekatuaren morrontzatik askatua izan den herria osatzen dugu. Eskerrak ema  diezazkiogun, bada, gure Aitari Jesu Kristoren gurutze eta piztueran egin digun egintza askatzaileagatik.

 

 

Gure Aita 

Guk aitortzen dugun Jainko bakarrarengana jo dezagun, Jesusek berak erakutsi zizkigun hitzez.

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1. Itun Zaharreko hamar aginduak entzungo ditugu lehen irakurgai bezala. Israeldarrentzat irakurgai garrantzizkoa. Entzun dezagun, gero Ebanjelioan ikusi eta entzungo dugunaren atariko.

 

2. San Paulok Jesus gurutzetuari begira nahi gaitu.Entzun dezagun.

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Bat egin ditzagun gure ahotsak otoitz berean, munduaren alde eta geure premientzat eskariak egiteko. [Erantzun dezagun kantuz: KYRIE, ELEISON!]

 

* Elizaren alde, kristau guztien alde: 

  Garizuma honetan Jainkoaren hitzarekiko leialtasunean hazi gaitezen, bihotzera hitz egiten digun Jaunarengana itzuliz.

 

* Gure eta munduko familien alde:

  etxe-barruko lokarriak edertuz, familiak gizatasunezko eta fedezko habi askatu eta askatzaile izan daitezen.

 

* Herrietako agintarien alde: 

  beste edozeren gainetik, herritarren mesedea eta harreman baketsuak bila ditzaten.

 

* Behartsuenen alde, gehien sufritzen ari direnen alde, gure gaixoen alde; aurrera egin ezinik ari diren herrien alde: 

  gurutzeko Jesu Kristorengan aurki dezaten aurrera egiteko indarra, eta guregan solidaritatea.

 

* Gutako bakoitzaren alde: 

  Jainkoarekiko eta senideekiko maitasunaren aurretik beste ezer ez dezagun ipini. 

 

Entzun, Jauna, zure maitasunean pozik sentitzen den herri honen eskariak, Jainko eta errege bizi baitzara gizaldi eta gizaldietan.

 

 

 

 

HOMILIA

Adiskideok: Garizuma aurrera dihoakigu pausoz-pauso. Eta beraren ibilbide jakintsuan, Pazkoa prestatzen ari gara. Jesu Kristori begira, Aitak gizon-emakumeokin egin duen elkargoa dugu aurrean gaur ere. Aitaren maitasunak Jesu Kristorekin bat egiten gaitu, harengan suma dezagun salbamen eta askatasun gizaegilea. Jesu Kristo baitugu guk gure jakinduria eta indarra.

 

Bai, gaur ere Jesu Kristori begiratu behar diogu. Bera dugu Aitak Pazkoan ematen digun askatasunaren ezaugarria. Garai batean, Israel herriarentzat, Legea izan zen askatasunaren ezaugarria. Jainkoak Egiptotik askatu zituenean, Legea eman zien israeldarrei. Ez, noski, Egiptotik askatu eta legeari lotzeko. Legea, eman zitzaion askatasunaren ezaugarri eta esker on gertatuko zitzaion. "Ni naiz Jauna, Egiptoko lurretik, morroi-etxetik, atera zaitudan Jaungoikoa". Eta askatasun hori aitortzeko, askatasun horren esparrutik ez irteteko, askatasun hori eskertzeko, askatasun horren fruiturik onenak emateko, Legea bete behar zuen. Eta, bere barruko asmoan behintzat, askatasun-seinale izan zen Israelentzat Legea.

 

Israel Egiptotik bezala, gu bekatutik eta haren morrontzatik askatu gaitu Jainkoak. Hain handia duen maitasunean, bere herri eta bere elkartekide izatera deitu gaitu. Eta horretarako enbarazu eta eragozpen genituenak, denak kendu dizkigu. Bere herri nahi gaitu, maitasunaren pertenentzia ederrean. Eta horretarako askatu nahirik, Jesu Kristo gurutzean hil eta hura eman digu askatasunaren ezaugarri eta agerpide. Jesu Kristo dugu Jainkoarekin topo egiteko santutegia. Jesu Kristo dugu Jainkoarekiko harremana. Jesu Kristorengan egin dugu eta egiten dugu Jainkoarekin bat. Pazkoko Jesu Kristo dugu Aitarenganako bidea!

 

Baina..., Garizumako galdera egin behar dizut berriro ere: zer egin dugu Jainkoarekiko harremanaz? Askatasun eta esker onezko elkargoa bizi ordez, ez ote dugu Jainkoa geure beharretara makurtu nahi izan, interesezko morrontzan? Zergatik manipulatzen dugu sakratuena? Ebanjelioko ikuskizuna ikaragarria da: Jainkoarekiko harremana bizitzeko zen Tenplua, azoka eta irabazpide bihurtua ikusteak beti hunkituta uzten gaitu. Askatasunaren ospaketa izatetik hasi eta nork bere mesedetarako aukera bihurtuz bukatu. Ikaragarria! Zer egin dugu Jainkoarekiko harremanaz? Elkargo zoragarri baten hasierak, intereskeriazko jokabide kaskarrean bukatu behar ote du? Jainkoarenak gara?, edo Jainkoa da gurea? Eta pentsatzekoa da honako hau: Jainkoa bera, gure ospaketak, gure otoitzaldiak... barne kaskar baten ihesbide bihur daitezkeela. Eta hemen ez dut akatsari punta ateratzen zorrozkerietan ibili nahi, baina galdera horren aurrean geldialdi bat egin beharra daukagu: Jainkoarekiko harremana ez ote daukat neure irabazpide eta azoka bihurtua?

 

Bai, garbialdi eta lisiba saiatua behar du Jainkoarekiko gure harremanak, gure bihotzeko tenpluak eta gure elkarteak. Bihotz-berritzearen galdera eta azterketa sakonari erantzun beharra daukagu. Gure egoera iluna, gure arinkeria, gure etsipenak, gure sentidu-falta nabarmena, gure eduki-grina gehiegizkoa, gure etenak eta gorrotoak, gure setakeria eta gogorkeriak, gure asmoen pulamentu-falta... Zer egin dugu Jainkoaren etxeaz? Nola eta zergatik galdu ditugu zentzuzko norabideak? Eta askotan, gainera, hori guztia jainko-zaletasunez estali eta jantzi. Askotan hori guztia Jainkoarekiko zerbitzu omen dela esan. Jainkoaren bide berrituetara itzuli beharra daukagu inondik ahal dela. Berriro ere Jesu Kristoren bideetara itzuliz, egiazko Jainkoarekin topo egin beharra daukagu. Fedearen kordea bere onera ekarri beharra daukagu!

 

Hausnar dezagun gure barruan gaurko ebanjelio-zatiaren azken esaldia: Jesusek «bazekien zer dagoen gizaki bakoitzaren barnean». Jesusek begira gaitzala eta epaitu, berak argitzen baititu bere argiz gure bihotzeko ilunpeak. Berak kentzen dizkigu gure maskarak, bigarren azalak, eta orduan askatu egiten gaitu gure sasi-segurantzetatik, baita erlijiozko sasi-segurantzetatik ere. Hortxe daukagu lehen agindua: Jainkoa bakarrik da Jauna, bera bakarrik gurgarria. Zenbat sasi-jainko, zenbat adorazio faltsu! 

 

Bigarren agindua lehenengoaren antzekoa da: giza pertsona ez da zerbait lortzeko tresna erabilgarria, Jainkoaren irudi da. Zer egin dugu giza balio gizaegileekin: gurasoekiko errespetua, biziarekiko ardura, solidaritatea, egia... Nola bizi dugu Jainkoaren eta lagun-hurkoaren lehentasuna gure bizitzan? Ez al ditugu gure beharretara, geure interesetara makurtu nahi izan Jainkoa eta lagun-hurkoa? 

 

Askatasuna dugu bokazio. Jainkoak bere bizileku aukeratu gintuenean, hasiera ona izan genuen. Eta hasieran ona izan zena, bere betetasunera eramatea da gure eginkizuna. Zailtasun eta krisi ugari bizi du gure fedeak. Baina dena, fedea hazteko eta mardultzeko grazi une bihur dezakegu. Eta hori da jokabide ederra. Errazkeria beti da erraza. Gauzak bere horretan uztea beti da erosoa! Baina fedeak ez ezik gizatasunak ere bere arrazoizko legeak ditu, eta ez da arrazoizkoa gai hauen azaletik pasatzea, sakondu gabe. Ez da arrazoizkoa gizatasunari sakontasuna ukatzea. Bihotz-berritzearen lanari eutsi behar diogu oraindik ere. Pazkoa gainean dugu. Santutegiaren edertasun betea ikusteko eguna badator. Egiptoko morrontzatik askatzen gaituen Jainkoari kantu egiteko egun librea badator. Eta egun horretarako prestatu behar dugu, gure bideak aztertuz, geure burua eta bere norabideak ezagutuz, gure barruko sentipenen eta jokaeren bereizketa jatorra eginez.

 

Goazen Eukaristia ospatzera. Jainkoak gurekin egin duen elkargoa berritu dezagun. Sar gaitezen Aitaren maitasunaren santutegira gure intereskeriak garbiturik. Egin dezagun topo maite gaituen eta maite dugunarekin!

 

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.