liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Anai-arreba maiteok, ongi etorri! Jesu Kristo gure Jaunaren maitasuna eta bakea beude zuekin!

 

Ongi etorri, bai, Jesusen Pazko-misteriora. Igandearen muinean, gure bihotzak erakartzen dituen Jesus berpiztuarekin egiten dugu topo. Hemen sortzen da egiazko segiziorako grina. Jesus ikusi nahi dugu. Berari entzun nahi diogu. Berarekin egon nahi dugu. Berari jarraitu nahi diogu.

Badakigu Jesusen bidea eskakizun handiko bidea dela, baina bera tarteko dugu beti gure bizitzan. Prest jar gaitezen Jaunari eskerrak emateko. Bere dohain guztiak ditugu eskergai.

 

Hasteko, isilune labur batean, onar dezagun Jaunaren errukia gure bekatari izatea garbi dezan.

– Jesus Jauna, zeure segiziora deitzen gaituzuna. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, zeure pazko-misterioz askatu gaituzuna. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, zure bideak prestatzera bidalio gaituzuna. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Jesus Jerusalema igotzen da Aitaren borondatearen eskutik. Heriotzerainoko bere leialtasunez biziaren ateak zabaltzen dizkigu. Horregatik da gure esker ona.

 

 

GURE AITA

Bizi-iturri dugun Aitari egiogun otoitz beraren Seme Jesusi ikasi diogun otoitza errepikatuz. Usterik onenaz esan dezagun.

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1 - Historian zehar, Jainkoak gizaki batzuk aukeratu ditu bereziki bere izenean bidaltzeko. Gero Jesusekin gertatu zen bezala, Itun Zaharrean ere garbi entzuten da Jainkoaren deia, erantzun libre eta benetakoa espero duen deia.

 

2 - Galaziako kristauei eginiko eskutitzean, bataiatuen biziera berria azaltzen digu Paulok, bataiatua Kristoz jantzi baita. Entzun dezagun!

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Aurkez diezazkiogun Aitari gure otoitz eta eskariak, kantatuz:

 

ENTZUN, ARREN, JAUNA.

 

Eliza osoaren alde, Jesusek bere jarraipidera deitu dituen guztien alde (...). 

 

Jesusi jarraitzeko prest gero eta gazte gehiago azaldu daitezen (...). 

 

Ikasturtea amaitu duten haur eta gazteen alde, beren irakasle eta maisuen alde (...). 

 

Gure herriko gizartearen alde. Mehatxuen beldurrez edo kartzelan aurkitzen direnen alde. Gerran ari diren herrien alde. Errefuxiatu eta kaltetu guztien alde (...). 

 

Geure alde, gure senide eta adiskideen alde (...).

 

Entzun, Jauna, zure herriaren otoitzak eta emazkiozu behar dituen laguntza eta dohainak. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok: Igandea, Pazko misterioaren asteroko ospakizuna dugu. Gure kristau-bizitzaren oinarrian edo iturburuan dagoen abiapuntua. Eta Pazkoaren argi betea gertatzen da guretzat bizipoz, bizi-arrazoi eta bizi-molde. Pazkoa, Jesusen dohain betearen ospakizuna dugu eta, beraz, gure kristau-bizitzaren moldea eta modua. Horregatik, kristau izan eta hala jokatu nahi dugulako, astero-astero Jesusen Pazkora biltzen gara.

 

Eta Pazko misterioaren betetasun giroan entzun dugu gaur ere Jainkoaren hitza. Pazko misterioak eta Jesusen jarraipenak duten deia eta eskakizuna ikusi dugu nolakoak diren. Era batera edo bestera ikus daiteke Pazko misterioa, era batekoa edo bestekoa izan daiteke deia entzuteko era, baina Pazko misterioa ez dago sekula kanpotik ikusterik, konpromiso gabeko testigu bezala. Hemen ez dago ikusmiran egoterik. Jesusek beti konpromisoan jartzen gaitu. Ez digu bakean uzten. Jesusen gurutzerainoko konpromisoa baitaukagu beti erreferentzi puntu bezala, eta jakina!, derrigor erabateko postura jarraitzailea hartu behar. Gaurko ebanjelio zatiaren hasierak marko argia jarri digu: «Jesusek, zerura jasoa izateko garaia hurbiltzen ari zelarik, Jerusalemako bidea hartu zuen adore handiz». Ahor ba, fededunaren bideak ere Jerusalemeko gurutze misteriora garamatza zuzen-zuzen. Horra zergatik ez den Jesus hain erosoa. Pazko misterioaren bideak!

 

Erabateko eta era beteko jarraipen-esijentzia honek ez du intolerantzia esan nahi. Benetan harritzekoa da askotan gure postura: geure jarraipen-bideak era lasaian eta era zabalean ulertzen ditugu beti, baina besterenak beti era estuan eta inolako baimenik eman gabe. Joan eta Santiagorena: Jesusentzat ostaturik ez zeukatelako, sua eskatzeko prest. Eta, ez! Jesusen deia ez da besterentzako esijentzia, neuretzako baizik aurrena. Besteek ez diote zintzo jarraitzen, besteek ez dituzte gauzak behar bezalako bikaintasunez egiten, beti besteak dabiltza nolahala... Baina, geure buruari begiratzerakoan eta gure jarraipena aztertzerakoan, ba beno, beti dauzkagu neurriak jaisteko arrazoiak, oso konprentsio handiko gizon-emakume bihurtzen gara kolpetik. Ulertu egin behar zaigu! Besterentzat setati eta zorrotzak eta geuretzat lasa! 

 

Tartetxo bat egiten uzten badidazu, adiskide, bakearen arazoa lantzean ere, ez genuke irizpide hori ahaztuta utzi behar: bakea ez da sortuko besteekin estua eta zorrotza izanez, nork bere jarrerak seriotasunez aztertuz baizik, eta horretan nahi adina zorrotz jokatu, hor bai!

 

Jesusi jarraitzeari buruz gaurko ebanjelioak esandakoak, gogorrak irudituko zitzaizkigun agian. Hala iruditu ohi zaizkigu beti. Gogorrak eta inolako ihesbiderik gabekoak. Arnasa hartzen ere utziko ez baligute bezala. Nik ez dizut gogorrak ez direnik esango. Nik esango nuke askatasun handia behar dela bihotzean eta bizitzan, Jesusi jarraitzeko. Gauzetatik, pertsonetatik, edozertatik libre bizi behar oso, Jesusi bere bidean jarraitzeko. Eta akaso, horrexegatik iruditzen zaizkigu gogorrak, oso libreak ez garelako. Erdipurdikakoa maite dugu. Hura bai, baina hau ere bai. Jesus bai, baina gure jarrera erosoak ere bai. Aurrena geurea eta gero Jesusena. Goldeari heldu bai, baina atzera begira. Jesusekiko konpromisoa bai, baina geurekikoak bete ondoren. Eta... jakina! Hori ez da!

 

Begira, adiskidea, guri ere Eliseori bezala soingainekoa bota zaigu bizkarrera, Espiritua eman zaigu, Jesusen Espiritua. Eta horrek bidean jarri gaitu. Horrek eginkizunez jantzi gaitu. Eta une horretan, zabarkeriak bukatu dira. Espiritua eman zaigunetik, Jesusen bidearen sua sartu zaigu barruan. Eta jarraitu, ez dago besterik! Bakoitza jarriak izan garen tokian, era batean eta betean jarraitu! Familian, ezkontzan, komentuan, herrigintzan, kulturgintzan. Eguneroko bizitokian eta bizigiroan, eman zaigun konpromisoari lotuta serio! Espirituak gidatzen baikaitu.

 

Gogorra! Berriro ere gogorra dela esaten duzu. Ederra da, gogorra adinean. Pertsona-egilea, zaila adinean. Barne-askatzailea, lotura adinean. Baina, hori bai, lehen esan dizudana, askatasun handia behar da. «Askatasunean bizitzeko askatu gaitu Kristok»... «Zuek askatasunera deituak izan zarete». Eta askatasunaren jokalege hauxe jarri digu San Paulok: «Maita ezazu zure lagun hurkoa, zeure burua bezala». «Ibil zaitezte Espirituari dagokionez.»

 

Maitasunaren gordintasuna dugu, azken batean, gure bizitza osoaren lege. Eta maitasunak beti osotasuna izan ohi du grina. Maitasunak beti eta osorik maite du. Baina, ez dugu ahaztu behar, maitasuna egunez egun egiten dela, unez une, detailez detaile. Maitasuna landu egin behar da. Ez baita sentimendu hutsa, elkar zerbitzatzera garamatzan jarrera egiazkoa baizik. Eta, hori bai, maitasunak edertzen du bizitza. Maitasunak pozten du jarraipidea. Maitasunak gozatzen du harremana. Maitasunak dena edertzen du. Jesusen segizioa ere, gogorra izanik, ederra da, askatzailea, pozemailea, zorion bikainaren iturri. Jesusen bideak pertsona bere izanbide sakonenetan garatzen du. Edertasun hau ikusi eta sumatuko ez begenu, ez liguke mereziko Jesusen jarraitzaile izateak. Baina segizioak gehiegiz ordaintzen digu.

 

Otoitzarekin eskatu duguna eskatu behar atergabe: «argiaren seme-alaba egin gaituzunez gero, ez gaitzala inguratu gezurraren ilunpeak, eta zure egiaren (zure jarraipenaren) argi ederrean bizi gaitezela beti». Eukaristia honek lotu gaitzala askatasun-bide eder honen ibilbidean. Bere burua emanez, geurea ematera gonbidatzen gaitu Jesusek. Eukaristia dugu dei hori entzuteko lekua eta unea. Prest al gaude segiziorako deia libreki entzuteko?

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.