liturgi lagungarriak

Ayudas para la Liturgia

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Ongi etorri Garizumako hirugarren igandeko ospaketa honetara. Bere heriotza eta piztueraz bizia eman digun Jauna zuekin!

 

Garizuman aurrera goaz, Pazkora bidean. Bihotz-berritzearen martxa ederra, martxa edertzailea. Jaunak bere maitasun-esparruan bizitzen ikusi nahi gaitu. Jesu Kristorengan berekin bat eginda, elkartasunean. Horixe da Eukaristia honetan egitera goazena.

 

Hasteko, jarri gaitezen isilik Jaunaren aurrean. Isilik barrutik eta kanpotik. Jesu Kristo den santutegira sartzera goaz. Ireki dezagun gure bihotza zabal, Jaunaren errukiak erabat garbi gaitzan.

 

(Penitentzi-kantua edo Aitortzen diot)

 

 

Prefazioa

Bekatuaren morrontzatik askatua izan den herria osatzen dugu. Eskerrak ema  diezazkiogun, bada, gure Aitari Jesu Kristoren gurutze eta piztueran egin digun egintza askatzaileagatik.

 

 

Gure Aita 

Guk aitortzen dugun Jainko bakarrarengana jo dezagun, Jesusek berak erakutsi zizkigun hitzez.

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1. Itun Zaharreko hamar aginduak entzungo ditugu lehen irakurgai bezala. Israeldarrentzat irakurgai garrantzizkoa. Entzun dezagun, gero Ebanjelioan ikusi eta entzungo dugunaren atariko.

 

2. San Paulok Jesus gurutzetuari begira nahi gaitu.Entzun dezagun.

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Bat egin ditzagun gure ahotsak otoitz berean, munduaren alde eta geure premientzat eskariak egiteko. [Erantzun dezagun kantuz: KYRIE, ELEISON!]

 

* Elizaren alde, kristau guztien alde: 

  Garizuma honetan Jainkoaren hitzarekiko leialtasunean hazi gaitezen, bihotzera hitz egiten digun Jaunarengana itzuliz.

 

* Gure eta munduko familien alde:

  etxe-barruko lokarriak edertuz, familiak gizatasunezko eta fedezko habi askatu eta askatzaile izan daitezen.

 

* Herrietako agintarien alde: 

  beste edozeren gainetik, herritarren mesedea eta harreman baketsuak bila ditzaten.

 

* Behartsuenen alde, gehien sufritzen ari direnen alde, gure gaixoen alde; aurrera egin ezinik ari diren herrien alde: 

  gurutzeko Jesu Kristorengan aurki dezaten aurrera egiteko indarra, eta guregan solidaritatea.

 

* Gutako bakoitzaren alde: 

  Jainkoarekiko eta senideekiko maitasunaren aurretik beste ezer ez dezagun ipini. 

 

Entzun, Jauna, zure maitasunean pozik sentitzen den herri honen eskariak, Jainko eta errege bizi baitzara gizaldi eta gizaldietan.

 

 

 

 

HOMILIA

Adiskideok: Garizuma aurrera dihoakigu pausoz-pauso. Eta beraren ibilbide jakintsuan, Pazkoa prestatzen ari gara. Jesu Kristori begira, Aitak gizon-emakumeokin egin duen elkargoa dugu aurrean gaur ere. Aitaren maitasunak Jesu Kristorekin bat egiten gaitu, harengan suma dezagun salbamen eta askatasun gizaegilea. Jesu Kristo baitugu guk gure jakinduria eta indarra.

 

Bai, gaur ere Jesu Kristori begiratu behar diogu. Bera dugu Aitak Pazkoan ematen digun askatasunaren ezaugarria. Garai batean, Israel herriarentzat, Legea izan zen askatasunaren ezaugarria. Jainkoak Egiptotik askatu zituenean, Legea eman zien israeldarrei. Ez, noski, Egiptotik askatu eta legeari lotzeko. Legea, eman zitzaion askatasunaren ezaugarri eta esker on gertatuko zitzaion. "Ni naiz Jauna, Egiptoko lurretik, morroi-etxetik, atera zaitudan Jaungoikoa". Eta askatasun hori aitortzeko, askatasun horren esparrutik ez irteteko, askatasun hori eskertzeko, askatasun horren fruiturik onenak emateko, Legea bete behar zuen. Eta, bere barruko asmoan behintzat, askatasun-seinale izan zen Israelentzat Legea.

 

Israel Egiptotik bezala, gu bekatutik eta haren morrontzatik askatu gaitu Jainkoak. Hain handia duen maitasunean, bere herri eta bere elkartekide izatera deitu gaitu. Eta horretarako enbarazu eta eragozpen genituenak, denak kendu dizkigu. Bere herri nahi gaitu, maitasunaren pertenentzia ederrean. Eta horretarako askatu nahirik, Jesu Kristo gurutzean hil eta hura eman digu askatasunaren ezaugarri eta agerpide. Jesu Kristo dugu Jainkoarekin topo egiteko santutegia. Jesu Kristo dugu Jainkoarekiko harremana. Jesu Kristorengan egin dugu eta egiten dugu Jainkoarekin bat. Pazkoko Jesu Kristo dugu Aitarenganako bidea!

 

Baina..., Garizumako galdera egin behar dizut berriro ere: zer egin dugu Jainkoarekiko harremanaz? Askatasun eta esker onezko elkargoa bizi ordez, ez ote dugu Jainkoa geure beharretara makurtu nahi izan, interesezko morrontzan? Zergatik manipulatzen dugu sakratuena? Ebanjelioko ikuskizuna ikaragarria da: Jainkoarekiko harremana bizitzeko zen Tenplua, azoka eta irabazpide bihurtua ikusteak beti hunkituta uzten gaitu. Askatasunaren ospaketa izatetik hasi eta nork bere mesedetarako aukera bihurtuz bukatu. Ikaragarria! Zer egin dugu Jainkoarekiko harremanaz? Elkargo zoragarri baten hasierak, intereskeriazko jokabide kaskarrean bukatu behar ote du? Jainkoarenak gara?, edo Jainkoa da gurea? Eta pentsatzekoa da honako hau: Jainkoa bera, gure ospaketak, gure otoitzaldiak... barne kaskar baten ihesbide bihur daitezkeela. Eta hemen ez dut akatsari punta ateratzen zorrozkerietan ibili nahi, baina galdera horren aurrean geldialdi bat egin beharra daukagu: Jainkoarekiko harremana ez ote daukat neure irabazpide eta azoka bihurtua?

 

Bai, garbialdi eta lisiba saiatua behar du Jainkoarekiko gure harremanak, gure bihotzeko tenpluak eta gure elkarteak. Bihotz-berritzearen galdera eta azterketa sakonari erantzun beharra daukagu. Gure egoera iluna, gure arinkeria, gure etsipenak, gure sentidu-falta nabarmena, gure eduki-grina gehiegizkoa, gure etenak eta gorrotoak, gure setakeria eta gogorkeriak, gure asmoen pulamentu-falta... Zer egin dugu Jainkoaren etxeaz? Nola eta zergatik galdu ditugu zentzuzko norabideak? Eta askotan, gainera, hori guztia jainko-zaletasunez estali eta jantzi. Askotan hori guztia Jainkoarekiko zerbitzu omen dela esan. Jainkoaren bide berrituetara itzuli beharra daukagu inondik ahal dela. Berriro ere Jesu Kristoren bideetara itzuliz, egiazko Jainkoarekin topo egin beharra daukagu. Fedearen kordea bere onera ekarri beharra daukagu!

 

Hausnar dezagun gure barruan gaurko ebanjelio-zatiaren azken esaldia: Jesusek «bazekien zer dagoen gizaki bakoitzaren barnean». Jesusek begira gaitzala eta epaitu, berak argitzen baititu bere argiz gure bihotzeko ilunpeak. Berak kentzen dizkigu gure maskarak, bigarren azalak, eta orduan askatu egiten gaitu gure sasi-segurantzetatik, baita erlijiozko sasi-segurantzetatik ere. Hortxe daukagu lehen agindua: Jainkoa bakarrik da Jauna, bera bakarrik gurgarria. Zenbat sasi-jainko, zenbat adorazio faltsu! 

 

Bigarren agindua lehenengoaren antzekoa da: giza pertsona ez da zerbait lortzeko tresna erabilgarria, Jainkoaren irudi da. Zer egin dugu giza balio gizaegileekin: gurasoekiko errespetua, biziarekiko ardura, solidaritatea, egia... Nola bizi dugu Jainkoaren eta lagun-hurkoaren lehentasuna gure bizitzan? Ez al ditugu gure beharretara, geure interesetara makurtu nahi izan Jainkoa eta lagun-hurkoa? 

 

Askatasuna dugu bokazio. Jainkoak bere bizileku aukeratu gintuenean, hasiera ona izan genuen. Eta hasieran ona izan zena, bere betetasunera eramatea da gure eginkizuna. Zailtasun eta krisi ugari bizi du gure fedeak. Baina dena, fedea hazteko eta mardultzeko grazi une bihur dezakegu. Eta hori da jokabide ederra. Errazkeria beti da erraza. Gauzak bere horretan uztea beti da erosoa! Baina fedeak ez ezik gizatasunak ere bere arrazoizko legeak ditu, eta ez da arrazoizkoa gai hauen azaletik pasatzea, sakondu gabe. Ez da arrazoizkoa gizatasunari sakontasuna ukatzea. Bihotz-berritzearen lanari eutsi behar diogu oraindik ere. Pazkoa gainean dugu. Santutegiaren edertasun betea ikusteko eguna badator. Egiptoko morrontzatik askatzen gaituen Jainkoari kantu egiteko egun librea badator. Eta egun horretarako prestatu behar dugu, gure bideak aztertuz, geure burua eta bere norabideak ezagutuz, gure barruko sentipenen eta jokaeren bereizketa jatorra eginez.

 

Goazen Eukaristia ospatzera. Jainkoak gurekin egin duen elkargoa berritu dezagun. Sar gaitezen Aitaren maitasunaren santutegira gure intereskeriak garbiturik. Egin dezagun topo maite gaituen eta maite dugunarekin!

 

Liturgi lagungarriak

APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Jesu Kristo, Jainkoaren Seme maitearen grazia eta maitasuna, zuekin!

 

Senideok, Pazkora bidean Eukaristia ospatzera biltzen gara. Hemen bildu gaitu Jesusek, behin batean bere ikasleak bildu zituen bezala. Haiei bezala erakutsiko digu guri ere Gurutzeak duen argitasuna eta distira. Garizumako bigarren igande honetan, Elizak Jesu Kristo jartzen digu begien aurrean, Jesu Kristo antzaldatua. Beraren segizioan abiatu garenontzat animatzailea da Jesusen argi distizaria ikustea. Haren Nekaldiko bidea Pazko-bide dela ulertuko dugu.

 

Jar gaitezen hasieratik Jesus gurutzetuaren oinetan, geure ahuldadea aitortu eta errukitan edertu dezagun barrua.

(Isilunea)

 

Aitortzen diot...

 

 

PREFAZIOA

Jesusen argitan, gure bizitzaren norabideak ulertu ditugu. Eskertu dezagun barru-barrutik Pazko-bidearen edertasuna. Pazkoa erregalatu baitzaigu.

 

 

GURE AITA

Jesu Kristo da Aitaren seme maitea. Haren entzule eta jarraitzaile garenok, jaso ditzagun gure eskuak eta bihotzak Aitarengana, esateko: Gure Aita...

 

 

 

 

 

IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1 – Lehenengo irakurgaian Abrahamen ikasbidea begiratuko dugu: gizon fededuna da, bere konfiantza osoa Jainkoarengan jartzen du. Bere semea bera galtzeko ere prest agertzen da, Jainkoarengan duelako bere esperantza. Entzun dezagun promesa ederretan burutzen den kontakizun hau.

 

2 – Abraham bere semea galtzeko prest azaldu baldin bazaigu, Jainkoak bere Semea heriotzara eman du guregatik. Hauxe gogorarazten digu Paulok.

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Jainkoaren Hitza entzun eta gero, dei egin diezaiogun Jaunari errukia eta onginahia eskatuz. Kanta dezagun beharraren beharrez benetan:

Kyrie, eleison (Erruki, Jauna).

 

- Munduko fededun guztien alde:

  Garizuma denontzat berrialdi eder eta freskoa gerta dadin.

 

- Munduko herrien alde eta, bereziki, Siria eta gerran ari diren beste herrien alde:

  pertsonaren balioaz jabeturik, errespetuzko argiak gizakiaren duintasuna aitortzera erakar ditzan.

 

- Gure euskal gizartearen alde:

  Garizuma honetan gure bizibideak berritu eta bakegintza burutzeko garbitasuna izan dezagun.

 

- Sufritzen ari diren guztien alde; gaixoen alde; kartzelatuen eta haien familien alde; beldurrez bizi direnen alde:

  Garizuma eta Pazkoko argitan, aurrera egiteko adorea eta besteei laguntzeko indarra izan ditzaten.

 

- Eukaristia hau ospatzera bildu garen guztion alde:

  Jesu Kristoren bidearen indar erakarlea sentitu eta egiazko segizioan bizi gaitezen.

 

Entzun, Jesus Jauna, zure jarraitzaileon eskariak, eta indartu gaitzazu zure zerbitzu-bidean aurrera egiteko. Jainko eta errege bizi baitzara gizaldi eta gizaldietan.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok, Garizumako gure fede- eta otoitz-esperientziak argitasun ederra jasotzen du gaurko ebanjelio-zatian. Jesusen antzaldatzea Pazkoaren aurre-dastapena baita, aurre-gustua. Eta horretan argitzen zaigu gure gurutzearen sentidua, gure sufrimenduaren edukia eta gure berritzearen helmuga. Gaurko pasarteak argi eta garbi erakusten digu, Garizumak Pazkora eramaten duela.

 

Markosen Ebanjelioa irakurtzen dugunean, aldaketa handi batekin egiten dugu topo. Erdira arte Jesus onartua ikusten dugu. Galileako misioan oniritzia jaso du, Erreinuaren aldarrikapena egin duenean. Bigarren atalean, ordea, Jesus Galileatik Jesuralemera pasatzen da, onartua izatetik ukatua izatera, Erreinua adieraztetik nekaldia adieraztera. Ikasleek ere gauzak oso garbi eta ilusioz ikusten zituzten, Jesusek sendaketak egiten zituen bitartean. Jende guztia harriturik eta Jesusi goraka ari zen bitartean, ikasleak oso pozik eta ideal handiz beteak ikusten genituen. Orain, ordea, Jesusek nekaldiaz hitz egiten duenean, ukapenaz eta sufrimenduaz mintzo denean, ikasleak ere deseroso sentitzen dira.

 

Sinesmenaren esperientziak nekaldiko bidea darama bere barnean, dudarik gabe. Abrahamen bidea ere halakoxea izan zen. Bere semea Jainkoari opaldu beharrak ederki erakusten du Jesusi jarraitu nahi dionak bere loturak askatu beharra daukala. Jainkoarekiko obedientziak bihotz osoa eskatzen du. Eta beste gauza guztiak, bihotzeko Jaun bakar egiten zaizunaren inguruan eta zerbitzuan tolestatu behar dira. Eta fede horrek, dena Jainkoari ematen dion fede horrek, Pazko-oinarri sendoa behar du, bestela ez da posible. Nekaldiko bide hori ilunegia gertatzen zaigu, besterik gabe onartzeko. Jesusi ere halaxe gertatu zitzaion. Ikasleei zer esanik ez!

 

Eta hor Tabor mendiko esperientzia behar da. Jesus Pazkoko gailurrerantz abiatzen denean, Antzaldatzearen esperientziatik abiatzen da. Jesusek beretzat behar du Taborreko bizikizuna eta ikasleentzat ere behar du. Bizitzera doan gurutze-bideko pasarte hori guztia argiz poztu nahi du. Aurrena Jesusek berak behar du Taborreko argia. Izan ere, zaila gertatzen zaio Mesias-bidea gurutzearen bidetik ulertzea. Zaila egiten zaio, sufrimenduaren eta heriotzaren bidea onartu eta dena frakasoan uztea. Zaila egiten zaio bere bidea ulertzea, hitz batean. Eta ikasleei areago! Nola onar zezaketen gurutze-bideko hura Mesias zela? Nola uler zezaketen heriotzaren frakasoan ezkutatutako hura, mundua askatu beharrekoa zena?

 

Tabor mendiko antzaldatzea argiaren esperientzia da. Jesusek bere Aitarekin hitz egiten du. Jesusek Itun Zaharreko historia eta profetak, Moises eta Elias, irakurtzen ditu bere bidea argitu nahirik. Eta, kolpetik bezala, dena argi ikusten hasten da. Gurutze-bideak eramango du Erreinua eskaintzera. Heriotzaren ezerezetik sortuko da biziaren betea. Azkenerainoko zerbitzuak azalduko du egiazko mesiastasuna. Bere Aitaren testigantza argitzailea jasotzen du: «Hau da nire Seme maitea; entzun iezaiozue». Esango balu bezala: «Hau da bidea, jarrai iezaiozue».

 

Pedrok ez du ezertxo ere ulertzen. Hori bai, mendiko argi eder hau askoz aproposagoa iruditzen zaio Mesias batentzat, nekaldiko bide ilunak baino. Berak argia nahi du, gauzak erraz gertatzea, sufritu beharrik ez izatea. Argi honetan gelditu nahi du betiko. Txabolak egin eta bertan gelditu, argitan dena gabi ikusiz. Zertarako sartu bestelako arazoetan? Gizajoak ez zekien zer esaten zuen ere. Lainoa etorri zen. Argia ezkutatu zen. Eta han ez zegoen Jesus beste inor. Lehengo Jesus hura bera.  Baina, hori bai: bizi izan zuten esperientzia hark bidea erakutsi zien. Esperientzia hura ez zuten ahaztuko. Bazekiten gurutzean hiltzen ikusiko zuten Jesus hura zela Jainkoaren Seme maitea.

 

Gu ere Jesusen jarraitzaile gara. Jesusen segizioan goaz, beraren bide berean. Gure fedearen muina segizioak ematen du. Guri ere oso zaila egiten zaigu sufrimendua eta eraman-beharra ulertzea. Zaila egiten zaigu fedearen bidea nekalditik ulertzea. Askotan zailegia egiten zaigu zerbitzua. Zaila, bizitza bere gune inportantera biltzea. Erosotasun eta erraztasunak hain ozen hots egiten diren gizarte honetan, zer sentidu eduki dezake behartsuen bizilegera etortzeak eta haien bidelagun egiteak eta sufritzeak eta besteen mesedeari begira bizitzeak eta? Segiziorik gabeko kristautasuna nahi dugu, bizitza horrenbeste aldatu beharrik ez duen biziera eta jarduera. Aste Santurik gabeko Pazkoa nahi genuke guk.

 

Egia da: Jesusi jarraitzeak sufrimendua ekarriko digu. Azken batean, Abrahamen esperientzia bera baita: dena uztea, Jainkoaren aurrean. Bizia heriotzatik datorrela sinestea da. Jainkotasuna zerbitzuan gertatzen dela sinestea. Maitasuna geuretzea. Eta hori guztia sinesteko, argia behar dugu, Pazko-argia, Eukaristia honen argia. Sinesmenaren argi ederrak erakusten digu Jesusen heriotza ez dela azkena, hasiera dela. Gure sufrimenduak ere baduela sentidua. Gure zerbitzuak baduela etorkizuna. Ez gabiltzala inolako irtenbiderik ez duen bide itsuan. Garizumak Pazkoa duela helmuga. 

 

Asko sufritzen dugu, ez da hala? Gaurko fede-esperientziak argitzen digu sufrimendu hori. Ez du merezi sufritzeagatik sufritzea. Baina lagun hurkoarengatik baldin bada, pobreen zoria ontzeko zerbitzuan baldin bada, baztertuen konpainian baldin bada, ingurukoei bizia amateko baldin bada, sufrimendu hori Pazkorakoa da. Hortik dator bizia, hortik bizipoza, hortik betiko bizia.

 

Ez daukagu gozokerian geure bizileku erosoak egiterik. Bidez bide ibiltariak gara. Garizumaren buruan, martxoaren 28an, Arantzazura egingo dugun oinezko ibilaldi ederrak ere Jesusen segizioan goazela erakutsiko du. Gizartearen hautsak harrotu behar ditugu. Han eta hemen sufritzen ari diren guztiei garbi esan behar diegu, gure elkartasunak pobreen zerbitzura bildu nahi dituela bere karisma, eginkizun eta indar guztiak. Jesusen bideak dakarrela benetako bakea eta bide hori zerbitzatu nahi dugula. Bai, adiskidea, Pazkoko argitara goaz denok bat eginik!

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Jesu Kristo gure Jaunaren grazia, eta Jainko Aitaren maitasuna, eta Espiritu Santuaren batasuna, izan bitez zuekin.

 

Jesusen garaian, legendunak jendearengandik urruti bizitzera behartuak zeuden, eta ezin zitezkeen inorengana hurbildu. Benetan zokoratuak eta bazterrera utziak bizi ziren. Ebanjelioan, ordea, Jesusengana hurbiltzen ikusten ditugu lepradunak. Eta hori egiten badute, arrazoi batengatik egiten dute, badakitelako Jesusek ez duela inor bazterrera uzten. Jesusek, lege guztien gainetik, pertsona onartzen du eta bereziki gizarteak baztertzen duen pertsona onartzen du.

Eukaristiaren hasieran, kontura gaitezen Jesusek onartzen gaituela, geure ahuldade eta miseria guztiekin. Eta berak bezala jokatzeko gonbita luzatzen digu: gaixoen ardura izanez, sufritzen dutenengana hurbilduz, pertsonen arteko bereizkeriak gaindituz. Horixe da Berri Ona, gure elkarte honetan bizi behar duguna.

 

Isilean, presta gaitezen ospakizunerako, Jainkoari errukia eskatuz.

- Jesus Jauna, gaixoak eta atsekabetuak pozten dituzuna. Erruki, Jauna.

- Jesus Jauna, zokoratuei eskua ematen diezuna. Kristo, erruki.

- Jesus Jauna, bekatariei barkazioa eskaintzen diezuna. Erruki, Jauna.

Erruki dakigula...

 

PREFAZIOA

Eukaristi otoitz nagusia esatean, eskertu dezagun Jainkoak zokoratuoi egiten digun bisita eta senti gaitezen barru-barrutik maitatuak.

 

GURE AITA

Jesusen irakaspena onartuz, orain, jaunartu aurretik, esan dezagun inolako beldurrik gabe:

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1. Irun Zaharreko legeek lepradunekin egiten zutena gogoratuko dugu lehenengo irakurgaian. Erabat zokoratuak zeuzkaten. Gero Ebanjelioan izango dira pozetan besarkatuak.

2. Azken igandeetan irakurgai izan dugun Korintotarren gutuna amaituko dugu gaur. Eta kristauaren portaeraren oinarrian dagoen lege bakarra gogoraraziko digu: Jainkoarekiko leialtasuna eta hurkoekiko ardura.

 

 

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Aurkez diezazkiogun Jainko gure Aitari uste onenaz behartsuen aldeko gure eskariak.

 

•  Otoitz egin dezagun Elizaren alde eta kristau guztien alde:

   zokoratuak onartzeko eta gaixoengana hurbiltzeko espiritu irekia erakuts dezagun.

 

•  Otoitz egin dezagun munduko herri guztien alde:

   gure gizartean eta mundu guztian elkartasun-bideak bilatzeko kapaz izan daitezen.

 

•  Era batera edo bestera, arrazoi batengatik edo besteagatik, sufritzen ari diren guztien alde:

   guregan eta gizon-emakume guztiengan hurbiltasuna eta solidaritatea aurki ditzaten.

 

•  Gure familia eta elkarteen alde:

   behartsuak onartzeko etxeko ateak zabalik eduki eta barruan bakea goza dezaten.

 

•  Gu guztion alde:

   Jainkoak ematen digun poza ez dezagun sekula galdu.

 

Entzun eskariok, gure Aita ona, eta zaindu ezazu zuregan uste ona jarri duen herri hau. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok, benetan ederra da gaurko ebanjelioak erakusten duen itxaropen-iturria eta gaixoak sentitzen duen barruko poz zabala. Jesusen Berri Onak guztiontzat dakarren poza da, gaitzaren menpetik askatzeak sortzen duen poz betea. Beste bide guztiak ixten direnean, orduan ikusten da Jesusek ekarri digun biziera berri eta librea.

 

Eta ebanjelioko gaixoak, lepradunak, ez zeukan beste irtenbiderik. Orduko legeen arabera, mendian bakardade iluna bizitzea beste zoririk ez zitzaion gelditzen. Bere antzeko batzuekin elkartu eta irtenbide guztiak itxita ikusiz, etsipenaren ibilera galdua zegokion. Harat-honat, bere gaitza garrasika oihukatuz, mendi galduan ibili behar zuen, jendearengana hurbiltzeko inolako aukerarik gabe. Biziera erabat baztertua eta zokoratua. Eta betiko horrela! Entzun dugun lehenengo irakurgaiak gordin asko adierazi digu egoera eta biziera hori. Legeek ez zuten gaixoa babesten, sanoen garbitasuna baizik.

 

Jesus ez da, ordea, legea betetzera etorri, pertsona askatzera baino. Jesusek ez zuen, noski, legea hausteko joerarik. Askotan ikusten dugu legea zintzo betetzen. Baina pertsona eta legea ezbaian sartzen direnean edo bien arteko gatazka sortzen denean, ez du Jesusek inolako zalantzarik egiten: beti pertsonaren alde! Eta pertsona salbatzeko, legea hautsi behar baldin badu, hautsi egiten du. Eta legea hausteagatik, orduko agintari eta legelarien borroka nozitu behar baldin badu, ez zaio batere inporta. Legeak pertsonarentzat dira, ez pertsonak legearentzat. Maitasunaren legea aldarrikatzen du Jesusek bere jokaera libre eta hurbileko honekin.

 

Jar gaitezen une batez lagendunaren larruan. Bazekien legena azalean azaldu orduko bizi-poz guztiak bukatu zitzaizkiola. Gizartetik atera beharra zeukan eta kondenatuen zori gaiztoko zerrendan sartzen zen. Eta bazekien handik ez zeukala inola ere irteterik, nola eta gauza bereziren bat gertatzen ez bazen. Eta uste gabeko osasuna etorriko balitzaio, apaizengana joan beharra zeukan osasunaren azterketa sakon eta zorrotza jasatera. Legendunak entzuna zuen zeordubait ba omen zela Jesus izeneko bat gaixoak sendatzen zituena. Urruti gabe han inguruan zebilela. Eta, seguru asko, behin baino gehiagotan pentsatuko zuen ustegabeko zoragarria izango litzatekeela Jesus hori parean suertatzea.

 

Baina, seguru asko, Jesusekin topo egiteko uste hori askotan kenduko zuen bere barrutik, pentsatuz gehiegizko suertea izango litzatekeela topaketa hori gertatzea. Baina horra Jesus bere aurrean. Eta askotan pentsatua zeukan zer eta nola esango zion: «Nahi baduzu, senda nazakezu». Esaldi horrek a zer pisua daukan! A zer nolako beharra erakusten duen! Beste inolako irtenbiderik ikusten ez duenaren eskabidea da! Apala bezain indartsua, sufritua bezain itxaropentsua, ezinetik bezainbat uste onetik sortua.

 

Eta Jesusek nahi du gaixoa sendatzea. Nahiko ez du ba! Horretara etorri da-eta! «Nahi dut». Eta gertatu da. Berriro ere bere zerumuga guztiak zabal irekitzen zaizkio gaixoari. Estuasun guztiak baretu zaizkio. Ate itxiak ireki zaizkio. Berriro ere gizartera itzul daiteke. Berriro ere bere duintasuna etorri zaio. Berriro ere bere gizatasun-bokazioa berreskuratzen du. Berriro ere pertsona osatua sentitzen da, pertsona librea. Berriro ere irribarre zabala etorri zaio aurpegira. Berriro ere distira berezia ispilatzen dute legendun sendatuaren begiek. Ez zen gutxiagotarako! Sendatua zegoen!

 

Guk pentsa dezakegu suerte ikusgarria izan zuela gaixo hark, eta horretan gelditu. Pentsa dezakegu zergatik ez zaien gaixo guztiei erregalo bera egiten. Eta beharbada ez dugu pentsatzen legendun hori gu izan gaitezkeenik. Gu. Zu eta ni. Gaitzaren arrastoak ikusten zaizkigu aurpegian eta gorputzean. Bihotzaren tristurak sekulako ondoeza markatzen digu geure aurpegian. Sendabiderik ez duen gaitzak lotzen gaitu barrutik. Tristura dela, maitatu ezina dela, gogorkeria dela, beldurra dela, lotsa dela, etsipena dela, depresioa dela, etorkizuna argitu ezina dela... gaitzak hartuta! Eta gaitzak beti zokoratu egiten gaitu.

 

Egia da, gaitzak geure burua zokorarazten digu. Ondo sentitzen ez garenean, besteengandik ihes egiten dugu. Bakardadera jotzen dugu. Ez, noski, barrua baketzen duen bakardadera, etsipena erakusten duen bakarkeriara baino. Eta gero eta zokoratuago, gero eta tristeago, gero eta eroriago. Zenbat aldiz pentsatzen dugun orduan: «Norbait aurkituko banu, nire barruko gaitza azal dakiodan! Nire barruko etsipen hau norbaitek gozatuko balit! Irtenbidea edo argi-izpi bat ikusiko banu!»

 

Eta Jesus agertzen da aurrean. Bataiotik hasi eta kristau-biziera guztian Jesusek garbitu egiten gaitu. Baina ez garbitu, garbi eta txukun ibiltzeko, itxura dotorea erakusteko; barrua libratzeko garbitzen gaitu. «Nahi dut» esaten digu, «garbi zaitez». Gure ixturak badu irtenbidea. Gure ezinak argia ikusten du. Gure bokazio eroriak berriro ere gizatasun osatuaren aukera nabaritzen du. Askatuak izan gara, eta salbatuak gaude!

 

Fededun adiskide, luze jarrai dezakegu Jesusen eskaintzaz mintzatzen, baina zertarako? Azken batean proba egitea da kontua, Jesusen osasun berria sentitzea. Haren aurrean jarri eta barruko beharretik dei egitea: «Nahi baduzu, garbi nazakezu». Adiskide, zergatik ez dugu hori egiten? Zergatik ez diogu geure barruari askatasun zoragarri hau erregalatzen?!

Liturgi lagungarriak

 

APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Maite gaituen eta bihotz-berritzera dei egiten digun Jesu Kristo gure Jaunaren grazia eta bakea, zuekin!

 

Garizuma aldia hasi dugu, gure kristau-bidean hain oinarrizkoa den garaia. Gure fedearen ardatz diren jaietarako prestatuko gaituzten berrogei egun. Berrogei egun hauen buruan, Jesus gurutzean hila eta bizia emateko berpiztua ikusiko dugu. Berrogei egun hauetan, gure jarrerak eta bihotz-barnea berritzea izango dugu ariketa nagusi, Jesusen askatasuna era sakonagoan jaso ahal izateko. Ager dezagun gure barne-jarrera hori, Jaunari dei egin eta errukia eskatuz.

 

Penitentzi kantu bat edo

 

– Jesus Jauna, Espirituak basamortura eramana. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, tentatzailea garaitu duzuna. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, gure sinesmen eta bizi berria. Erruki, Jauna.

 

edo, bestela,

 

Aitortzen diot...

 

 

PREFAZIOA

Garizumak Pazkora begira jartzen gaitu. Jesu Kristoren odoletan garbitzen zaizkigu bizitzak. Itunaren oroipena egiterakoan, esker onez betea behar dugu bihotza.

 

 

GURE AITA

Jesu Kristorekin bat eginik, eska diezaiogun Aitari eman diezagula bere indarra tentaldian ez erortzeko.

 

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1. Gaur hasi dugun Pazko-bidean, lehenengo irakurgaiek Itun Zaharreko historia gogoraraziko digute, gizadiaren eta Israel herriaren historia, Jesu Kristorengan beteko den historia. Entzutera goazen pasartea antzinakoa da oso: uholde handiaren ostean Jainkoak gizon-emakumeei hitz egiten die.

 

2. Noeren historiak geure historiaz eta geure bizieraz gogoeta egitera gakartza. Entzun dezagun.

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Otoitz egin diezaiogun Jaunari guztiontzako errukia eskatuz. Kyrie, eleison (erruki, Jauna) kantatuz erantzungo dugu.

 

Munduko gizon-emakume guztien alde, munduko herri guztien alde:

   Bihotz guztietan ongia gailendu dakion gaitzari.

 

Gaitzean eta bekatuan itota daudenen alde, beren inguruan iluna besterik ikusten ez dutenen alde:

   Pazkoaren argitara hel daitezen.

 

Behartsuen, gaixoen, zapalduen, kartzelatuen eta edozein sufrimendutan aurkitzen direnen alde:

   Pazkoaren esperantza izan dezaten.

 

Gure gizartearen alde; Ukraina, Afrika eta bakerik eza sufritzen duten herrien alde:

   Garizuma honetan bake ederraren ibilbidea landu eta benetako elkartasunera irits daitezen.

 

Geure alde eta munduan zehar Garizuma ospatzen hasi diren kristauen alde:

   Egiazko berrialdi izan dezagun Garizuma hau. 

 

Erruki, Jauna, eta entzun gure otoitza eta emaguzu bizi berria. Jainko eta errege bizi baitzara gizaldi eta gizaldietan.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Adiskideok, Garizuman sartu gara. Eta horrek erabat berritu digu Liturgiaren giroa. Pazkora begira jarri gara, Pazkoa baitu helburu Garizumako ekintzak. Jesu Kristoren misteriora bilduko gara, beraren Pazko askatasuna bizi eta jasotzeko. 

 

Hausterre egunean, joan zen asteazkenean, Hitzak dei egin zigun indar ikusgarriz, atzeratu ezin daitekeen gonbita eginez: Sinetsi, bihotz-berritu! Zer da guretzat gaur sinestea, bihotz-berritzea? Zer eskakizun eta zer dohain ditu gaur niretzat Jainkoaren deiak?

 

Garizumaren hasieran, bakoitzak eta denok geure bizitzari begiratu behar diogu. Eta begiratu, sakon eta serio, gainera! Geure izaeraren sustraietara itzuli behar dugu, geure onera etorri behar dugu. Jesus bezala, Jainkoaren elkargoaren basamortura itzuli behar dugu, han Jainkoarekin topo egiteko. Basamortuko prueba hori bizi behar dugu, geure bizieraren oinarriak pozteko. Garizumak, bere sakonean, Jainkoaren elkargora erakartzen gaitu. Jainkoaren maitasunera. Izadia bere onean jartzen duen Jainkoaren onginahira. Jainkoaren bakezko begirada horrek sendatuko digu gure bizitzaren laztasuna.

 

Ez ote genuke Garizuma hasi beharko, geure izateari eta gure inguruari begirada berri bat botaz? Nola begiratzen diogu geure buruari, nola izadiari, nola lagun hurkoari? Guztiaz nagusitu nahi amorratu horrek, ingurukoak geure probetxurako erabili nahi itsu horek, geure burua jainkotu nahi ustetsu horrek, geure bizitzaren neurriak galtzera ekarri gaitu. Eta, hala ere, Jainkoak adiskidetasun gozoan nahi gaitu. Jainkoak izadiarekin egindako elkargo baketsu horretan zoriontsu nahi gaitu. 

 

Horrexegatik ikusten dugu Jesus izadiaren bakardadera etorrita. Hantxe abere artean, gizakion desarmoniaren prueba latza igarotzen. Izan ere, Jesusen nekaldia eta heriotza, gizakia berriro ere bere onera eta bere bakera ekartzea izango baita. Etsaiak dena hautsi eta bere onetik atera nahi du. Jesusek tentaldia garaituko du. Jesusek berriro ere adiskidetasunaren eta elkargoaren ortzadar koloretsua jarri nahi du gizakion bihotzetan. Bai, Jesus ortzadarraren bakea, erreinuaren elkartasun berria, hots egitera etorri da. Jesus da garai berrien profeta. Berriro ere galdera bera da erabakiorra: Nor da Jesus, zer da Jesus, nire bizitzan? Jesus hori ezagutzea da Garizuma, labur esanda.

 

Hau inportantea da egiaz. Kristau izatea ez baita izadiarekin onean aurkitzea, armonia baketsua lortzea, ez. Mesiasekin topo egin dugu, eta berak Jainkoaren maitasunaren sakontasun hondogabera eramaten gaitu. San Pedrok bigarren irakurgaian esan digun bezala, jabetu zaitez zer goazen ospatzera Garizuman eta Pazkoan: Jesusen heriotza-piztuera askatzaileak, geure bataioa, Jainkoak Jesusengan egin duenaren harridura sineslea. Erreinuaren bihotzera ekarri gaitu Garizumak.

 

Baina... honek guztiak zer esan nahi du gaur niretzat? Aurrena, maitasunaren basamortura erretiratu behar dugula Garizuma honetan. Kanpora oso isuriak bizi gara. Barnetasunaren premia ikusgarria bizi dugu, ezeren premiarik bizi baldin badugu. Geure barruari beldur diogu. Eta begira: ezer berririk egin edo aurkitzekotan, ezer ederrik burutzekotan, barrutik hasi behar dugu. Barruan ez daukaguna ez zaigu kanpotik etorriko. Garizumak barrurako deia  egiteak ez gintuke asko txokatu behar. 

 

Baina, beharbada galdetuko duzu: barrura zertarako sartu, ordea? Aurren-aurrena, Jesusekin topo egiteko! Zenbaitentzat aski izaten da bizitza bake eta ordena pixka batekin bizitzea, bizitza bere onean edukitzea. Guretzat ez da hori aski. Jesusekin aurrez aurre jartzen gaitu Garizumak elkargoaren basamortuan. Garizuma honetan begiz begi begiratu behar diot Jesusi, begiak bajatu gabe, hari begira luze iraun. Eta Jesusen begirada horretan, Jainkoaren maitasun hondogabea ezagutu behar dut. Sinetsi behar dut Jainkoak bere Semea eman duela heriotzara niregatik. Jesusekin begiz begi egon, eta nire barruko bekatua ikustearen lotsa ere onartu behar dut. Eta neure bekatua gainditzen duen Jainkoaren errukia gozatzera iritsi. Berez lotsa behar lukeena, errukia bihurtu zaidala ikusi behar dut pozik.

 

Bigarrenik, basamortuko bakardade horretan, Jainkoaren bihotz berarekin egin behar dut amets. Maite nauela ikusi nahi dut. Garizumako penitentzi giro neurritsuak horixe adierazi nahi du: bizitzaren sastrakarte nahastutik atera eta isilune bat egin nahi dudala, Jainkoaren bihotzaren maitasuna ikusteko eta gozatzeko. Bizitza arduraz eta kezkaz josia daukagu, eta nolabaiteko toki gordea bilatu behar dugu Garizuma honetan, Jainkoarekin aurrez aurre, begiz begi, bihotzez bihotz, luze egoteko.

 

Hirugarrenik, beste pauso bat eman behar dugu. Jesusek Aitaren maitasun ikusgarria azaltzen digunean, gure bihotzak errenditu beharra dauka. Maitasun horrek bere testigantza odolez emango digu. Eta maitasun odolezko horrek zeure egiaren aurrean eta lagun hurkoaren aurrean utziko zaitu. Zeure barrua maitatua sentituko duzu, azkeneraino maitatua. Jainkoak zaren bezala, zeure txikian, maite zaitu. Jainkoak zaren bezala onartzen zaitu. Jainkoak odoletaraino maite zaitu, adiskidea! Eta Garizumak, Jainkoaren maitasuna erakusten digulako, ingurukoen sufrimendua maitatzera eramaten gaitu. Besteen sufrimendua zeure sufrimendu egiten duzunean, orduan badakizu ez duzula bilatzen zeure bizitza gozatzea bakarrik, zeure bizitzan ordenan egotea bakarrik. Orduan badakizu Jainkoaren munduarekiko grina maitale horretan sartu zarela. Orduan badakizu Erreinuaren Pazkoan sartu zarela.

 

Orain ospatzera goazen Eukaristia ere, fedea sustatzeko aukera eder askoa da. Jainkoak eskuerara jartzen digun maitasunaren agiria jaso behar dugu. Baketu ditzagun gure bihotzak Jainkoaren maitasunean.

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Jesus Jauna, bere hitzez Erreinua hots egin eta bere ahalmenez gaixoak sendatzen zituena, bego zuekin.

 

Ongi etorriak gure ospakizun honetara. Hasierako agurrak gogorarazi digu Jesusek zer egiten zuen: «Berri ona hots egiten zuen eta gaixoak sendatzen zituen».

Erreinura gatoz, Ebanjelioko sendabidera. Gu ere gaixorik gaude. Eta, gainera, Jesusek gaixoak sendatzen zituela ohartzean, ez dugu ahaztu nahi, gure adiskideetako asko eta asko gaixoak zaretela. Gogoan izango zaituztegu. Zuentzat ere eskatuko dugu osasun betea.

Presta gaitezen, isilean, Eukaristiaren ospakizunari ekiteko. Jo dezagun, Ebanjelioko gaixoek bezala, Jesusen errukizko osasunera, jo dezagun Jainkoaren maitasunera.

 

– Jesus Jauna, giza izatea zeuregan hartu zenuena. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, Aitak guregana bidalia. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, gaixoak sendatzen dituzuna. Erruki, Jauna. 

 

 

PREFAZIOA

Gure ospakizunaren gailurrera etorri gara. Eukaristi otoitz honetan, Jesusek pobre eta gaixoekin zuen ardura berezia gogoratuko dugu. Pozik eta esker onez gogoratu ere.

 

 

GURE AITA

Gure artean dagoen Jesusekin batera eta berak irakatsi zigun bezala, esan dezagun beldurrik gabe.

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOA

1) Zer da bizitza? Merezi al du? Sarri erabat atsekabetuak, bidegalduak sentitzen gara. Atsekabearen esperientzia oso geurea dugu, izan ere. Entzun ditzagun Itun Zaharreko gizon honen sentipenak, gero Jesu Kristori ikusiko diogunaren atariko.

 

2) San Paulok bere bihotza ireki digu, Ebanjelioaren bizikizuna azaltzeko. Esker onez eta pozez bizi da Paulo.

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Jesusek gaixo asko sendatzen zituen era guztietako gaitzetatik. Egin dezagun otoitz beharrean aurkitzen diren guztien alde eta, bereziki, gure gaixoen alde.

 

- Munduko eliz elkarte guztien alde:

  Berri Onaren dohainez bizi-sentiduaren arnasa berria zabal dezaten.

 

- Gosez eta premiazkoenaren faltaz sufritzen duten guztien alde:

  Jesusen Berri Ona eraman diezaiegun haien beharretan solidario izanez.

 

- Inolako sendabiderik ez duten gaixoen alde; gaixo guztien alde:

  Jesusen hurbiltasunak eta gure laguntzak poztu ditzan.

 

- Pobre eta gaixoen onerako lanean diharduten guztien alde:

  maitasun handiz eta bihotz zabalez Jainkoaren eskua luza diezaieten gaixo eta pobreei.

 

- Eukaristia honetan bilduta gauden guztion alde:

  geure bizipozez eta zerbitzuz, Berri onaren osasuna bizi eta goza dezagun.

 

Entzun, Aita ona, gure otoitza eta egin gaitzazu zure Semearen misioaren jarraitzaile gure gizartean. Berak bezala zabal diezaiegula Berri ona pobreei eta gaixoei. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok: Elizak, gizon-emakumeak geure eguneroko izanbide mindu eta gogorrean ikusten gaitu. Eta, engainurik gabe, inolako sasiameskeriarik gabe, geure egia larri eta odoltsu horretan sendatu nahi gaitu. Joben liburuko hitzez egin du gaurkoan Elizak gure argazkia. Eta bakoitzak aitortu behar dugu egiazkoa dela gutaz egin den argazki hori: gaixorik gaude, morrontza astun eta ikaragarrien menpe bizi gara, gozo-ametsak ditugu, eder-grinak ... baina, negarrari negarra dario. Etzanik, jaiki-gogoz; jaikirik, etzan-gogoz. Batetik bestera inolako sentidurik gabeko ibilian. Zorion-amets handiekin bai, baina zorion-errealitate oso txikiarekin. Askotan horrela, gehiegitan...

 

Etsipena deitzen zaio gaur egoera horri, bizi-ezina, hutsunea, gose-egarria, ilunpea, tristura... Zorigaitza! Eta hau guztia, geure giro hurbileko honetan begiratu eta aztertu behar dugu. Geure izatearen ondoezaz eta geure munduaren bake-faltaz zauri ospel eta mingarria bizi dugu. Gaixorik gaude.

 

Hala ere, Joben liburutik irakurri dugun zati honek badu itxaropenezko eskaria, azken-azkenean: «Oroi zaitez, nire bizia arnasa bat dela eta nire begiok zorionik ez dutela berriz ikusiko». Jaunari egiten zaion otoitza da.

 

Eta Jesus, Aitaren erregetza zabalduz, gizaki mindu eta gaixo honi urreratzen zaio. Zer du, Jainkoak maite duen gizon edo emakumeak? Gaixorik dago, ezinaren sukarrez erreta, ez du zorionik, etzanda dago bere etsipenean, ez da ezer onetarako gauza...

 

Eta hona harrigarria: Jesusek eskutik heldu eta sendatu egiten du. Erreminezko sukarra baretzen dio. Bizi berri baten edertasuna ematen dio. Jainkoak eskua luzatu baitio gizakiari. «Hurbil da Jainkoaren Erregetza». Gaitza desegiten duen Erregetza. Maitasuna ezartzen duen Erregetza. Gizakia askatzen duen Erregetza. Gaixo asko dakarzkiote Jesusi, eta Jesusek denak sendatu.

 

Jesusek ematen duen sendabidea ez da, noski, gorputzekoa bakarrik. Gorputzeko osasuna ematen badu Ebanjelioan, barruko beste sendabidea aditzera emateko ematen du. Inguruan zituen gaixo haiek guztiek uste zuten, Jesus sendalaria zela, gorputzeko sendalaria. Eta Jesusek pertsona osoa sendatu nahi du, ez gorputza bakarrik. Gorputza sendatzea ezaugarria da. Jesusek esperantza sendatu nahi dio gizon-emakumeari, zoriona eman nahi dio, bere giza izatearen bokazioa berriro eskuratu nahi dio, ez du lehengo galbidean etzanda utzi nahi. Jainkoak gizakiari emandako bokazioa berriro ere gizakiak eskuratu behar du, benetako giza maila jatorrean bizi dadin.

 

Izan ere, gizakiok baditugu sendagileek eta psikologoek senda ezin ditzaketen gaitzak. Gorputza eta burua gaitzak harrapa baditzake, espiritua ere harrapatzen digu. Eta espiritua gaixotzen zaigunean, dena gaixotzen zaigu. Nondik datozkigu gure bizi-ezinak eta gure barruko atsekebeak eta gure kabitu-ezinak eta gure maitau-ezinak eta? Espiritua daukagu gaixorik. Eta badira gorputza sendatzen dakitenak. Jesusek bihotza sendatzen du, espiritua sendatzen du. Barrura begiratzen du Jesusen hitzak.

 

Baina, hemen beste zera izan behar dugu gogoan. Nola sendatzen du Jesusek gizaki gaixoa? Ez kanpotik eta ez urrutitik. Bere gain gizakiaren gaitza eta galbidea hartuz. Gure etsipena berak edango du hondo-hondoraino. Eta era horretan libre egingo gaitu. Gaitza Jesusengan hustu da, gizon-emakumeok gaitzaren beldurrik ez dezagun izan. Hauxe da, hauxe notizia: Jainkoaren Erregetzak aske egin du gizon eta emakume bakoitza. Jainkoaren Erregetza etorri da.

 

Zertarako egiten gaitu libre? Zerbitzatzeko. Pedroren amagiarreba zerbitzatzen hasi zitzaien. Paulo, sendaturik, Ebanjelioa zerbitzatzen ikusten dugu. Maitasunerako libre, Jainkoaren Erregetza zerbitzatzeko libre. Izan ere, egia da: gaitzari gehienbat maitasun-faltan antzematen zaio. Eta, beraz, sendaketari, maitasunerako gaitasunean antzematen zaio. Eta, San Paulok dioenez, Ebanjelioa bera da Ebanjelioa zerbitzatzen duenaren saria. Ebanjelioa zerbitzatzeko sendatua izatea, horixe da saririk ederrena. Sendatuak ez daki, bestalde, geldirik egoten, zerbitzatu egiten du.

 

Hau dena, entzule, ez da guregandik sortzen. Kontuz! Jende sendatu hark, Pedrok, Santiagok eta besteek, Jesus han ondoan ikusi nahi dute jendea sendatzen. Baina Jesus Aitarengana biltzen da otoitzera. Aitarengandik bizi da Jesus, gizaki sendatua ere Aita Jainkoarengandik bizi da. Hori ahazten bada, eginbeharraren morrontzak gizakia gaixotu eta erre egiten du. Jainkoaren Erregetza zabaltzeko jardunak ezin lezake ahaztu Jainkoagandik datorkiola benetako salbamena.

 

Hau dena, fededun, gure egoerari lotu behar diogu. Mundu zabalean indarrean dagoen injustizia gogoratu behar dugu. Gure munduko biziezinak, morrontzak, gure munduko etsipenak duen izena, injustizia da. Jesusek gaitzetik askatu eta sendatu gaitu. Libre egin gaitu. Zerbitzurako libre, maitatzeko libre. Guk Ebanjelioaren indarrez eta eraginez gaitzaren kontra borrokatu behar dugu: injustiziaren eta gosearen kontrako kanpaina azkengabean saiatu behar dugu. Ez da limosna baten arazoa. Jainkoa Errege agertzearen arazoa da. Jainkoaren Erregetza zabaldu behar dugu. Eta hori gaitza deseginez, gizon-emakumeak gaitzaren morrontzatik askatuz, egiten da.

 

Nola egin borroka hori? Lehenengo, Jesus otoitzera bezala, gu Eukaristiara biltzen gara. Eraman eta zabaldu behar dugun askatasuna eta sendabidea jasotzera. Eta gero zabaldu, eraman. Nola? Zer jana emanez, diruz, gehiegikeriak utziz, alferrikako beharretan ez eroriz. Eta daukaguna denena dela jakinez. Goazen Jesusengana. Berak sendatuko gaitu gure bekatutik, gure ezinetik, gure etsipenetik. Berak jantziko gaitu goi-ondasunez. Eta gero, gure bizi-giroan, Berri Onaren poza zabaldu ahal izango dugu.

 
FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.