“Apostoluek, animalia sakratuak bezala kanalean zabaldurik, beren bihotzak besteengan jarri dituztelako hustu direla adierazten digute. Kristauaren benetako identitatea horrela sakrifikatzearena da”. Jorge Oteiza
Arantzazuko Basilikarako Oteizari eskatu zioten lana harria bezalako gauza hotza eta gogorra, materia hutsa, espiritualtasun bihurtzea zen. Materia gizatiartzea eta kristautasunaren arima islatzea. Emaitza Pietatea eta Apostoluak izan ziren. Manturik, apaindurarik eta ia hazpegirik gabeko ama birjina eta haragirik eta burmuinik gabeko hamalau figura, hurrenez hurren. Ordu arte nagusi zen elizako artearekin zerikusirik ez zuten eskulturak.
Donostiako gotzainari artistak helarazi zion idatziak ez zion debekua galarazteko balio izan, baina erabilitako plastika bereziaz zer adierazi nahi izan zuen ulertarazten du: “Gai bakarra da kanpoko fatxadan adierazitakoa: salbazio erlijiosoarena eta naturaz gaindikoarena. Heriotzari lotutako gorputzaren eta maitasunera eta karitatera behartutako arimaren arteko gatazka. Apostoluei dagokienez, adierazi nahi den gai erlijiosoaren gaineko arreta galaraz dezakeen edozein ezaugarri zehatz kendu dut. Ez du apostolu bakar batek haren izena ahoskatzen (ez dute esaten: “Matias naiz, Juan naiz…”), baina denek errepikatzen dute Kristo zeneko maitasunaren eta karitatearen Irudi gorena direla. Apostolu hauek hori irudikatzen eta erakusten dute. Ama Birjina bere Jasokundean horiek gidatzen ditu, eta babesa ematen”.
Apostoluak lana alderik alde hamabi metro hartzen dituzten kareharrizko hamalau figura erraldoik osatzen dute. Horietako bakoitzak hiru metro inguruko altuera du eta lauzpabost tonako pisua. Estatuak ez daude inolako oinarriren gainean, eta flotatuko balute bezala ikusten ditu aurrez aurre begiratzen dienak. Apostolu bakoitzak, bere modulu kubikoan sartua, izaera berezia du, baina elkarrekin loturik daude beren besoen eta eskuen posizio eta buruen inklinazio desberdinei erreparatzen badiegu. Ikuslearen begiradak estatua batetik bestera salto egiteko beharra sentitzen du dinamismo hori dela-eta. Oteizak berak “frisoko balleta” izena jarri zion begiek egiten duten dantzaldi horri. Hiperboloidea baliatuz, aldeak biribilduak dituen hustutako zilindroa, benetako identitate kristaua egozten die. Husturik irudikatzen ditu Jainkoaz betetzeko eta bihotza besteengan jartzeko guztia eman dutelako.
Arantzazuko naturari egindako omenaldi nabarmena dira Apostoluak. Alde batetik, kareharriak bertako mendiak dakartza gogora. Bestetik, figurek eurek dituzten sartuneak eta bolumen irregularrak urak arroketan eta uharretan behera egindako irudiak dirudite. Azkenik, modulu bakoitzaren itxura astunak mendiaren beraren izaera gogorra eta gordina islatzen du.
Konposizioaren aldetik simetrikoa da obra. Kanpoaldeko mugak muturretan dauden bi figurek markatzen dituzte. Begirada erdirantz zuzentzen dute, eta horrenbestez, multzoa biltzen dutela esan genezake. Gainontzeko apostoluek gorantz begiratzen dute, Pietateari egiten diote so. Bitxikeria moduan, Oteizak ez zien apostoluei begirik jarri otoitz egiterakoan itxi egiten direlako. “Pablori bakarrik jarri nizkion bi zulo txiki”, dio artistak. Laugarren apostoluari, berriz, aurpegia guztiz kendu zion norberak berea jar diezaion.
Apostoluen frisotik Semea bisitariari eskaintzen dion Amaren irudiarengana begiradak egiten duen bidean pareta ageri da. Bihotzaren begiez begiratuz gero, paretarik ez dagoela konturatuko gara, Oteiza beraren hitzetan: “Pareta hutsa pentsamendu mitiko-espiritualaz betea dago. Ikuslea haren begirada estetiko-espiritualaz ikusezina ikustera hel daiteke”.
Arantzazuko Basilikarako egin zuen Pietatea Miguel Angelenaren desberdina da, izan ere, Amak ez du Semea altzoan. Lurrean datza hilik, eta Ama bitartean, haren bihotz formako aurpegiaz, zeruari deiadar egiten dio, eta aurrez aurre jartzen zaio. Mugitu gabe zerurantz hegan ari direla dirudi. Buruz behera jarritako “t” baten itxura du eskulturak, eta hiru metro baino gehiago ditu altueran eta zabaleran.