“Emakumea, esperantzaz haurdun zegoena gurutzearen oinarrian,
haur eder batez erditu da.
Horrek adierazten du modu fisikoan eta materialean mundu berria iritsi dela”.
Xabier Egaña
Xabier Egañarentzat artelana ez da garrantzitsua bere teknikarengatik edota edertasunagatik, ezpada mezu zehatza adieraztea ahalbidetzen duen zeinuen multzoa delako. Egañak Arantzazuko Ama Birjinaren kamarina pintatzerakoan oinarri bezala izan zuen gaia gaizkiaren, minaren eta injustiziaren existentzia izan zen. Horretarako Job-en liburua baliatu zuen. Jobek bezalaxe, artistak ez du ulertzen minak zentzurik izatea. Baina Jainkoarenganako fedea du, eta galderak eta zalantzak gaindituz, egunen batean Jerusalem zerutiarra iritsiko delako uste osoa du. Mundu berria, zeinetan maitasuna, bakea eta justizia izango diren nagusi, eta mina desagertuko den.
Kamarineko obra zortzi muralez osatua dago, eta guztira hogeita hamar metro hartzen ditu luzeran eta beste lau eta erdi zabaleran. Mural espresionistok lau gaitan sailka daitezke: Kreazioa, Mundua, Salbazioa eta Apokalipsia eta Esperantza. Egañak berak ondoz ondoko ordenari jarraitu gabe azaltzen du haien esanahia.
-
Minaren izaera absurdoa
-
Kreazioa
-
Gurutzea gainean, gurutzetik eraistea
-
Desesperazio guztizkoa
-
Arantzazuko Amaren irudia
-
Apokalipsiko lau zaldunak
-
Itxaropen-iturria
-
Bakea eta maitasuna
Minaren izaera absurdoa jasotzen du. Min hartua dagoen figura batek Job irudikatzen du, eta inguruan ditu haren hiru lagunak eroritakoa kontsolatu nahian. Bere bertutea erakusteko proba izugarriak pasarazi zizkioten, eta, halere, ez zuen Jainkoarenganako fedea sekula zalantzan jarri. Mural honek honako galderei ematen die erantzuna: Job gizon justua bazen, zergatik jasan behar izan zituen horrenbesteko zoritxarrak? Zein da justuaren sufrimenduak duen esanahia? Jainkoak ez luke gaitzik onartuko, baldin eta gaizki horretatik ongia sortzeko bezain boteretsua eta ona ez balit.
Mural honetako gai nagusia Kreazioarena da. Jainkoa langile bat bezala irudikatua, lan-jantzi urdina soinean, mundura jaitsi da eta Adanen saihetsetik Eva jaioarazi du. Orduantxe hasiko da gizateriaren historia. Muraleko gainontzeko figura guztiak gertatutakoaren lekuko dira. Jainkoa, bere lan-jantziaz, langileengandik oso hurbil dagoen izaki gisa marraztu zuen Egañak. Irudi guztiz iraultzailea eta modelo ikonografiko tradizionalekin bat ez datorrena. Goialdean ageri den hiriak etorkizuneko hiria irudikatzen du, “zentzurik gabeko” sufrimenduari esker pixkana eraikitzen ari dena.
Bi gai ditu mural honek: Kristo gurutzea gainean daramala, eta gurutzetik eraistea, goialdean eta eskuineko partean. Pertsonaia guztiak lan-jantziekin ageri dira, eta atzealdeko aldean eraikitzeko prozesuan dagoen hiria. Etorkizuneko hiria eraikitzen ari dira, bakearena eta maitasunarena, baina prozesu horretan jende asko hil egiten da. Mundu hobea eta justuagoa lortzeko borrokan bizia galdu duten lagun guztiak irudikatu zituen Egañak mural honetan. Hildako anonimoei egindako omenaldi honetan heriotzarik ulertezinena irudikatu zuen, errurik gabekoarena, Jesukristorena. Mural honetako ikuspegi pesimista hiriaren presentziak baretzen du, izan ere, horrek erakusten du horrenbeste errugaberen heriotza ez dela alferrikakoa.
Lehen muraletik hirugarrenera Egañak mundu erreala irudikatzen du, eta itxuraz erantzunik gabeko minari buruzko galderak planteatzen. Baina seigarren, zazpigarren eta zortzigarren muraletan ematen duen erantzuna Apokalipsiarena da, mundu hobea etorriko delako itxaropenarena. Galderen eta erantzunaren artean artistak bi mural pintatu zituen, Ama Birjinaren bi aldeetara: laugarrena eta bosgarrena.
Laugarren muralak desesperazio guztizkoa jasotzen du. Hildako gizon bat ageri da, gorputza hautsita. Justizia lortzeko bizia eman duen gizakiaren errepresentazioa da, baita erantzunak bere baitan aurkitzeko bilaketan minez iraulkatzen denarena.
Arantzazuko Amaren irudia da Egañarentzat laugarren muraleko angustia itxaropen bihurtzeko mugarria. Horregatik zazpigarren eta zortzigarren muraletako bikotea gurutzearen oinarrian irudikatzen du. Emakumea haurdun dago, eta esperantza inoiz galtzen ez duen gizakia islatzen du. Heriotza guztietan injustuena, Jesukristorena, sinestunen bihotzak mundu hobea posible deneko itxaropenaz betetzen duen hazia da. Artistak berak adierazi zuen bezala, emakumea “haurdun dago esperantzaz”.
Mural honek Apokalipsiko lau zaldunak irudikatzen ditu ikuspegi espresionista batetik. Lehen planoan bi zaldi daude, eta beste bi atzean, eskuinean nahiz ezkerrean. Bibliako azken liburuak, Apokalipsiak, dio lehen zaldia zuria dela, eta gainean zeramanak arkua zuela esku artean. Arkurik ez zion Egañak jarri, ezpata zuela marraztu zuen. Bigarren zaldia gorria dela dio liburuak, eta lurretik bakea errotik kentzeko gaitasuna eman ziotela bere zaldunari. Lehen planoan dagoen zaldi gorria da hori, eta gerra sinbolizatzen du. Gerra irudikatzeko gaur egungo gerretako elementu ohikoagoa den hegazkina ere erabiltzen du. Zeruan lorratz gorria utzi du bere hegaldian, hilketaren eta indarkeriaren sinbolo gisa. Hirugarren zaldiaren gainean zihoanak, beltzaren gainean alegia, balantza zuen eskuan. Gosearen metafora da horixe. Azkenik, laugarren zaldunak Hildako zuen izena, pesteari erreferentzia eginez. Mural bakarrean gizateriaren egoera iluna islatu zuen Egañak: gerrak, goseak, indarkeriak, gaitzak eta heriotzak hartu duten hiria.
Lehen planoan bikote bat dago, eta gizateriaren historiak aurrera egin ahala eraikitzen joan den hiria, aurreko muraletan atzealdean agertzen zena, nabarmenagoa da honetan. Beste zenbait gizakiren figurak ageri dira, eta ez dute minaren zantzurik. Mundu berria lortzeko borroka amaitu da. Mural honetan Apokalipsiak benetako esanahia hartzen du, eta katastrofea adierazi beharrean, itxaropen-iturri da. Jerusalem zerutiarra iritsi da, eta aurrerantzean betiereko bakea eta zoriona izango dira nagusi. Bitxikeria gisa esan dezagun artistak obra mural honetan sinatu zuela bere jarrera baikorra azpimarratzeko: nahiz eta gizakion sufrimendua itzela den, Jainkoak ez ditu haren kreaturak alde batera uzten, eta bakearen eta justiziaren hiria egun batean iritsiko da.
Zazpigarren muraleko bikoteak mundu berrian biziko den haurra izan du. Haur horrek etorkizuneko gizaki zoriontsua irudikatzen du. Bikotearen aldartea guztiz aldatu da, eta obran nagusi den angustia desagertu. Mural honetan beren aurpegietako irribarre goxoa da protagonista. Koloreen bizitasunak aurretik mina zena bake eta maitasun bihurtu dela adierazten du.