1952 urtearen erdialdera, Francisco Javier Sáenz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoek, Pablo Lete Probintzialaren onespenaz, Arantzazuko Basilikaren pintura-dekorazioaren egiletza erabakitzeko lehiaketan parte hartzeko gonbita egin zieten zenbait artistari. Obrarik egokiena hautatzeko ardura Sáenz de Oiza eta Laorga beraiek, Jorge Oteiza eskultoreak, Secundino Zuazo arkitektoak eta Daniel Vázquez margolariak izan zuten. Bi azken horiek Madrilgo San Fernando akademiako kideak ziren. Lehiaketan parte hartu zuten hamar zirriborroetatik bi bakarrik jo zituzten, aho batez, proiektua gauzatzeko mailadun: Carlos Pascual de Lararena eta Nestor Basterretxearena. Larak absidea eta Basterretxeak kripta dekoratuko zutela erabaki zuten. 1953ko urtarrilean jakinarazi zieten erabakia artistei.
Basilika berriaren eraikuntza amaitu baino zenbait hilabete lehenago, 1955eko udan, Erromatik heldu zen Donostiako Gotzainak, Jaime Font Andreuk, urte bete aurrerago hartutako erabakia konfirmatu zuen agindua: Santutegiko dekorazioa debekatu zuten ezarritako kanon artistikoei erantzuten ez ziolako. Artistek ez zuten agindua onartzea beste irtenbiderik izan.
Urteek aurrera egin zuten debekuari soluziorik eman gabe 1961ean amaitu gabe utzitako absidea dekoratzeko maila nazionaleko lehiaketa iragarri zen arte. Lara 1958an hil zen, eta beste artista baten lana hautatu beharra zegoen. Joera askotako berrogeita bi proiektu aurkeztu zituzten, izan ere, deialdian jasotakoaren arabera, “lehiaketako baldintzek ez dute ezinbestean eskatzen pintzel-lana, baizik eta eskultura, burdin forjatua, mosaikoa, argiak nahasten dituen joko artistikoak eta era askotako obra mistoak ere onartuko dira”. Aho batez erabaki zuten lehen saria eta artelanaren enkargua Madrilgo Lucio Muñozi ematea. 1962ko urriaren 28an inauguratu zen Basilika berriko absidea.