Arantzazuko elizak jasan zuen bigarren sutearen ondoren, berriz ere azkar berreraiki zuten inguruko nahiz urrutiko lagunek egindako diru-ekarpenak zirela-eta. Eraikita zegoen estruktura bere horretan gorde zuten, baina dekorazio-elementuak gehitu zizkioten eta okindegi, frontoi eta liburutegi berriak egiteko handitu.
Geroz eta erromes gehiago zetorren Arantzazura, eta horregatik beharrezkoa izan zen horiei denei ostatu emateko lekua eraikitzea. Komentu barruan xede horretarako zuten tokia txiki gelditu zitzaien. Elizatik bereizirik, kanpoko hormei atxikirik, beste eraikin bat altxatu zuten ostatu lanak betetzeko. Ostatu berria 1779 eta 1782 bitartean amaitu zuten.
1834ko abuztuaren 18ko gauean, Gerra Karlista puri-purian zegoen garai hartan, Mikeleteek eragindako sutea izan zen. Suak guztiz suntsitu zituen eliza eta ondoko eraikinak, eta frantziskotarrek Arantzazu utzi beste biderik ez zuten izan.